Automobilgintzaren sektoreak baikor baloratu du Pasaiako portua
Pasaiako portua automobil fabrikatzaileek hobekien baloratutako estatuko lau portuen artean sendotu da. 5 puntutik 4,1eko puntuazioa jaso du.
Pasaiako portua automobil fabrikatzaileek hobekien baloratutako estatuko lau portuen artean sendotu da. Automobil eta Kamioi Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (ANFAC) egindako Ibilgailuen Itsas eta Portu Logistikaren Balorazioa txostenaren 19. alearen arabera, 5 puntutik 4,1eko puntuazioa jaso du Pasaiako portuak, aurreko urteko puntuazio bera. Datuak 2025eko ekitaldikoak dira.
Emaitza horiekin, Pasaiak sailkapeneko laugarren postuari eutsi dio, Tarragonaren (4,4), Santanderren (4,3) eta Saguntoren (4,2) atzetik. Horrez gain, aztertutako zortzi portuen batez besteko balorazioa 3,9koa dela jakinarazi du Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA); hortaz, zenbateko horren gainetik kokatu da Pasaiako portua.
Txostenak, gainera, PPAren “jarrera proaktiboa” ere nabarmendu duela adierazi du portuak, 4,4ko balorazioarekin. Zehazki, fabrikatzaileek 4,6 puntu eman dizkiete kudeaketa sistema hobetzeko egindako lanari eta enpresek planteatutako arazoei erantzuteko gaitasunari.
Horrez gain, hobekuntza nabarmenetako bat ibilgailuak biltegiratzeko eremuak esleitzeko arintasuna izan dela baietsi du PPAk. Adierazle horrek hiru hamarren gora egin du aurreko datuekin alderatuta, eta 4,3 puntura iritsi da orain. Kamioiei zamalanetarako eremu bat esleitzeko itxaron denboraren balorazioak sei hamarren egin du gora, eta 4,6 puntutan kokatu da.
Trenbidea
2025ean Pasaiako portuak 211.682 ibilgailu mugitu zituen guztira, aurreko urtean baino %12,6 gutxiago, “Espainian fabrikatutako ibilgailuen esportazioek behera egin duten testuinguru batean”. Terminalaren jarduerak esportaziora bideratuta jarraitzen duela adierazi du PPAk, ibilgailuen %99,8 atzerriko merkatuetara bidaltzen baitira.
Intermodalitateari dagokionez, PPAk portura iristen diren ibilgailuen garraioan trenbidearen erabilerak izan duen hazkundea nabarmendu du. Trenbidearen kuota 2024ko %48,5etik 2025eko %54,4ra igo da, hau da, 5,9 puntu egin du gora. Pasaiatik esportatzen diren ibilgailuen erdia baino gehiago trenez iristen dira terminalera, eta garraiobide horrek automobilgintzaren kate logistikoan duen garrantzia indartu du.
“Automobil fabrikatzaileek hobekien baloratutako portuen artean mantentzea portuko komunitate osoak egiten duen lanaren aitortza da, eta hobetzen jarraitzeko bultzada ematen digu. Trenbideak gero eta protagonismo handiagoa izateak agerian uzten du zein garrantzitsua den konexio lehiakor eta eraginkorrak izatea. Horregatik, trenbide bidezko irisgarritasuna hobetzeko lanean jarraituko dugu, gero eta zerbitzu arinagoa, fidagarriagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko”, adierazi du Izaskun Goñi PPAko presidenteak.
