Bihar hasiko da 28. Ikuska
Aurtengo film laburren erakustaldia hilaren 13tik 21era bitartean izango da, Trintxerpeko alkateordetzan. Orotara, 60 film labur inguru proiektatuko dira.
Hemen da Pasaiako Udalak eta Trintxer Kulturala elkarteak antolatzen duten Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldia. Aurtengoa egitasmoaren 28. edizioa izango da, eta hilaren 13tik 21era bitartean egingo da, Trintxerpeko alkateordetzan. Trintxerpeko proiekzioez gain, emanaldi paraleloak eskainiko dira Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen.
Emanaldiak bihar (ostirala, hilaren 13a) hasiko dira, 20:00etan, Mintzagun saileko proiekzioekin. Mintzagun euskarazko film laburren atala da, eta bost pieza proiektatuko dira atal horren barruan: 700, Buelta eta buelta, Etxaldea, Ispilua zeharkatuz eta Ultramarino.
Larunbatean (hilaren 14an), aldiz, Emea eta askotarikoa saileko film laburrak proiektatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Saio horretan zazpi film labur proiektatuko dituzte, emakumeak bizitzaren hainbat eremutan islatzen dituztenak. Saioaren bukaeran, atal horretako sariak banatuko dituzte. Emea eta askotarikoa saileko proiekzioen ondoren, 22:30ean, Gauguasa saila egingo da, umorezko film laburren atala.
Igandean (hilaren 15ean) zine dokumentalaren saioa eskainiko da, bost film laburrekin. Horiek 19:00etatik aurrera proiektatuko dituzte.
Ikuskako sail ofiziala hilaren 16tik 20ra bitartean izango da, eta bost egunez eskainiko dira film laburrak, 20:00etatik aurrera. Orotara, 25 film labur proiektatuko dira atal ofizialaren barruan, eta horiek Espainiatik, Kanadatik, Alemaniatik, Herbehereetatik edota Kubatik iritsiko dira. Horrez gain, hilaren 20an, animazioari eskainitako saio bat egingo da, 22:30etik aurrera.
Mintzagun saileko proiekzioak, Trintxerpen egiteaz gain, Oarsoaldeko herrietara ere iritsiko dira. Bi saio euskaltegietako ikasleentzat izango dira: hilaren 16an Errenteria-Oreretako Niessen aretoan (10:00) eta hilaren 18an Trintxerpeko alkateordetzan (10:00). Horiez gain, bi emanaldi ireki antolatuko dituzte: hilaren 17an Oiartzungo Landetxe aretoan (18:30) eta Lezoko Gezala auditoriumean (19:00). Azkenik, hilaren 19an Lezoko Institutuko ikasleei begirako saio bat egingo da, 12:45ean.
Sariei dagokienean, Ikuskak 6.100 euro banatuko ditu, bederatzi kategoriatan:
- Film labur onena: 1.500 euro.
- Emea eta askotarikoa saria: 1.000 euro.
- Mintzagun saria: 600 euro.
- Animaziozko film labur onena: 500 euro.
- Film labur dokumental onena: 500 euro.
- Emakumezko aktore onena: 500 euro.
- Gizonezko aktore onena: 500 euro.
- Epaimahai gaztearen saria: 500 euro.
- Ikusleen saria: 500 euro.
Emanaldi guztien ondoren, hilaren 21ean itxiko da 28. ikuska, Trintxerpeko alkateordetzan egingo den ekitaldi batekin, 19:30ean. Ekitaldi horretan epaimahaiaren erabakia ezagutuko da, eta aurrez aipatutako sariak banatuko dituzte. Saritutako film laburrak ere proiektatuko dira.
Ordezkarien adierazpenak
Teo Alberro, Pasaiako alkatea: “Ikuska proiektuak erakusten du pertsona askoren elkarlan eta inplikaziotik eraikitzen dela kultura. 28 edizioren ondoren, zinema herritarrengana hurbiltzeko, begirada berriak deskubritzeko eta hausnarketa eragiteko espazioa izaten jarraitzen du. Udaletik herriko bizitza aberasten duten eta, gainera, Pasaia gure mugetatik haratago proiektatzen laguntzen duten kultura proiektuak babesten jarraitu nahi dugu”.
Laura Ré, Kultura zinegotzia: “Aurtengo egitarauak berriz ere askotariko proposamenak eskaintzen dizkigu, euskarazko zinemari, ikuspegi feministei, umoreari, animazioari eta zinema dokumentalari lekua eginez. Ikuska publiko guztiei irekitako erakusketa izatea nahi dugu, zinemaz gozatzeko aukera emango duena, baina, era berean, beste errealitate batzuetara hurbiltzea, ezarritakoa zalantzan jartzea eta bestela agian iritsiko ez litzaizkigukeen istorioak ezagutzea ahalbidetuko duena”.
Kike Santiago, Ikuskako zuzendaria: “28 edizio hauek guztion ahaleginaren emaitza dira. Ikuska erreferente bihurtu da Oarsoaldean eta harago; era, zinema topagune gisa hartuta, ekarpena egiten die euskararen normalizazioari, berdintasunari eta emakumeen ahalduntzeari. Pertsona guztiei eskaini diegu edizio hau, eta hunkitzeko, hausnartzeko eta konektatzeko pentsatutako egitarauarekin”.
