Espazioen mantentze lanetarako 400.000 euro bideratuko dizkio aldundiak udalari
Aldundiak "Pasaia biziberritzeko konpromisoa" berretsi duela adierazi du, herritarrek erabiltzen dituzten portu espazioen mantentze eta kontserbazio lanak egiteko udalari 400.000 euro bideratuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak “Pasaia biziberritzeko konpromisoa” berretsi duela adierazi du, herritarrek erabiltzen dituzten espazioen mantentze eta kontserbazio lanak egiteko Pasaiako Udalari 400.000 euro bideratuta.
Azahara Dominguez diputatuak azaldu du bere departamentuak lankidetza hitzarmena sinatuko duela udalarekin, “herritarren erabilera eta gozamenerako irekitako portuko espazioetan hainbat mantentze eta kontserbazio lan finantzatzeko”.
Aurreikusitako lanen artean konponketak, argiteria, garbiketa edota lorezaintza aipatu ditu Dominguezek. Lan horiek hainbat gunetan egingo dira: lonjako plazan eta haren estalkian, La Herrerako biltegien estalkian, Hospitalilloko kaian, San Pedroko kaian, Torreatze-Ondartxo-Puntas inguruan eta Bizkaia plazan.
Diputatuak baietsi du hitzarmena bere departamentuak Pasaia biziberritzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen dela. Ildo horretan, adierazi du helburua dela “epe labur eta ertainean hondatutako hiri espazioak eta ekipamenduak birgaitu eta berreskuratzeko programa integral bat bultzatzen jarraitzea. Horrela, herritarren beharrei erantzun eta lurraldearen garapenari eta biztanleen ongizateari lagundu nahi diegu”. Horrez gain, lan hori guztia ekonomia, hirigintza, gizarte eta kultura biziberritzearen ikuspegi orokor batetik egingo dela adierazi du.
Era berean, Dominguezek gogorarazi du aipatutako diru laguntza aldundiak ematen dituen beste laguntza batzuei gehitzen zaiela. Horien artean kokatu du Hospitalilloko aparkalekua mantentzeko laguntza. “Inbertsio horiek eragin zuzena dute pasaitarren bizi kalitatean. Izan ere, lehen portuko erabileragatik herritarrentzat itxita zeuden espazioak berreskuratu eta egokitzeko aukera ematen dute, gaur egun erabilera publikorako irekita baitaude. Eraldaketa horren adibide dira lonja inguruko plaza ea estalkia, Trintxerpeko oinezkoentzako pasealekua eta Ondartxoko pasealekua”.
Bukatzeko, honakoa adierazi du Dominguezek: “Pasaiaren biziberritzea konpromiso sendoa da, eta horretarako jarraipena, erakundeen arteko elkarlana eta epe luzerako apustua behar dira. Ez da soilik espazioak berreskuratzea eta azpiegiturak hobetzea. Pasaia herri atseginagoa, irisgarriagoa eta bizitzeko egokiagoa izatea ere bada helburua, lan aukera gehiago sortuz eta ekonomia eta gizarte sare sendoa indartuz. Aurrerapauso handiak eman ditugu, baina oraindik erronka garrantzitsuak ditugu aurretik. Horregatik, lanean jarraituko dugu Pasaiaren hiri, ekonomia eta gizarte eraldaketa bultzatuko duten proiektuak sustatzeko. Proiektu horiek herritarren eguneroko bizitzan benetako hobekuntzak ekarri behar dituzte. Izan ere, Pasaia biziberritzeko inbertitzea etorkizunean inbertitzea da”.
