GI-20a, guztiz itxia gaur gauean
Gaur gauean GI-20 errepidea guztiz itxiko da Pasaian, Behobiako noranzkoan, errepidean mantentze lanak egiteko. 22:30ean itxiko dute bidea, 05:00ak arte.
Gaur gauean (osteguna, hilaren 12a) GI-20 errepidea guztiz itxiko da Pasaian, 3.000 puntu kilometrikotik aurrera, Behobiako noranzkoan, errepidean mantentze lanak egiteko. 22:30ean itxiko dute bidea, eta lanak 05:00etan bukatzea aurreikusi dute. Errenteria-Oreretako biribilgunetik GI-20rako sarrera Behobiako norabidean ere itxita egongo da.
Lanek irauten duten denboran, GI-20tik Pasaiatik Behobiako noranzkoan doan trafiko guztia GI-636 errepidetik, hau da, Errenteria-Oreretako saihesbidetik desbideratuko da. Hortaz, AP-8arekin lotura egitea helburu duten erabiltzaileek GI-636 errepidetik jarraitu beharko dute Oiartzungo irteeraraino, eta handik Arragua auzoko sarreratik autobidera sartu ahal izango dira.
Bidegik gogorarazi du aipatutako ordutegiak gutxi gorabeherakoak direla, eguraldia bezalako faktoreek aldaketak eragin baititzakete. Bide horretan, zuhurtziaz gidatzea eta seinaleen zein lanean arituko diren langileen instrukzioak jarraitzea eskatu dute.
