Harmoniuna, musika korala eta Euskal Herriko herri soinu tresnak eskutik, Azkue Memorialean
Azkue Memorialaren XIII ekitaldia aurkeztu dute gaur Errenteria-Oreretako Agustinetako elizan. Zikloaren barruan, organo kontzertua hartuko du espazio horrek larunbatean, 19:00etan.
Azkue Memorialaren aurkezpena gaur. Azkue Memorialaren hamahirugarren ekitaldia aurkeztu dute gaur Oiartzungo Organuzale Elkarteko Joseba Errekalde eta Antton Mendizabalek, Kup taldeko Junkal Guerrerok, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Iñaki Queralt Ondasun zinegotziak, eta Garazi Urdanpilleta Oiartzungo Udaleko alkateordeak. Ez dute ausaz aukeratu agertokiaren espazioa, zikloaren barruko emanaldietako bat bertan izango da, larunbatean 19:00etan hasita, eta gainera, bertako organoa berezia zen Jose Manuel Azkue organista oiartzuarrarentzat.
Kultur ondarea den organo horren aurrean egin dute agerraldia gaur goizean. Oiartzungo Organozaleak elkarteko Errekaldek hartu du hitza lehenik. Oiartzungo Cavaille organoa zaindu eta mezetatik haragoko erabilera emateko sortu zuten elkartea, baita beste musika batzuek jotzeko erabiltzea, “pedagogia ere egin nahi dugu organoaren bueltan publikoa zabaltzeko. Noski, Jose Manuel Azkue oiartzuarra omentzea ere bada helburua elkartearentzat”. Organoen gaineko kezka eta lanketa hori beste herrikoetara ere zabaldu dute, Errenteria-Oreretako Agustinetako elizan denera, besteak beste.
Organoaren gaineko esperimentazioa ere defenditu du oiartzuarrak, “ohituta gauden doinuetatik harago, gaur egunera ekartzeko saiakera ere egiten ari gara”. Urtez urte, proiektuak berebiziko garrantzia hartu duela zehaztu du, bestalde Errekaldek Oarsoaldeko eta Bidasoko kultur programazioetan, udazkeneko organo ziklo gisa finkatuz.
Organista oiartzuarraren omenezko memorialak, Gipuzkoako ekialdeko soinu tresna historikoaren kontserbazio eta zabalkundean duen konpromisoa berresten du, “ondare honen garrantzia errespetatuz aurtengo zikloan, soinu tresna hauen ezaugarri tekniko zein artistikoak kontuan hartzen dituen errepertorio klasikoa, inprobisazioa, eta herri tradizioa lotu eta landuko dira, historikoki memorialak esperimentaziorako izan duen joera ahaztu gabe”.
Datorren urtean Azkue jaio zela 100 urte beteko direla jarri du nabarmen bere aldetik Mendizabalek, “zikloa berezia izango da. musikari ikaragarri handia izan zela jakin badakigu, Oiartzuarra zela ere, organista bezala Euskal Herrian izugarrizko itzala izan zuela, baina bere bizitzaz ez dugu ezer askorik ezagutzen, ez dakigu Oiartzunen bizi zela nola hasi zen afizio horrekin, edota Ameriketan zer egin zuen hainbeste urteetan, eta nola etorri zen erabat prestatuta Santa Maria elizako organo entzutetsuaren ardura hartzeko, eta bere gainean ikerketa egingo dugu beka baten bidez”. Aurtengoa ere berezia izango dela azaldu du, baita Agustinen elizan egingo duten emanaldia, “azken aldia izango delako organo hau hemen entzuteko aukera izango dena. Eraikinari beste egiteko bat emango diote eta organoa egongo da eta ez bada ezer egiten zahartzen joango da beste hainbat organo on batzuk bezala. Historikoa izango da, beraz, larunbatekoa”.
Amezua markako organoa da Agustinetakoa, baita Errenteria-Oreretako Parrokiakoa ere; bigarren hori handiagoa, “esaten da Amezua organoa zela Euskal Herriko Cavaillea, oso organo egile famatua zen. Oiartzunen bi daude, parrokian bat eta bestea elkartean duguna”. Agustinetako elizakoa txikia dela, baina oso berezia gaineratu du Mendizabalek, “Azkuek izugarri estimatzen zuen, urtean bitan jotzen zuen gutxienez. Oso ona zela esaten zuen. 600 tutu ditu honek eta bederatzi joko, oso orekatua da. Bitxi izugarria da; Oiartzungoak 1.000 tutu ditu, eta Donostiako Artzain Onekoak 10.000. Gehiago izateak ez du esan nahi hobeak izatea”.
Errenteriako Udaleko Ondasun zinegotziak Agustinetako organoaren etorkizunaren gaineko kezka partekatzen duela udalak esan du, eta ari direla elkarrizketetan jakinarazi du bermatzeko: “Gotzainak erabaki du ez dela eraikin hau eliza eta beste erabilera batzuk izango dituela eta ez dutela horiek bermatzen bertan organoa erabiltzea eta are gutxiago emanaldiak edo jaialdia antolatzea”. Hori horrela organoari eskainitako jaialdiaren barruan udalerriari dagokion saioa Madalenaren ermitan egitea bermatua dutela datorren urterako jakinarazi du Queraltek, “udalaren desioa da organo hau herrian gelditzea eta hori horrela Agustindarrekin zein Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan ari gara hala izango dela ziurtatzeko lanetan. Asmoa da akordiora heltzea eta hori lortzekotan organoa lekualdatzea ermitara eta hor gelditzea betirako”.
Organoari erabilpen pedagogikoa ere eman nahiko lioketela adierazi du Queraltek, “polita eta egokia litzateke ikasleek ere erabiltzeko aukera izatea, eskolak ematea bertan. Organoa ez usteltzeko erabilera ematea da gakoa”.
Kup abesbatzako Junkal Guerrerok eskerrak eman dizkie memorialaren antolatzaileei, Azkueren izena daraman ziklo batean abestea ilusio handia eragiten dielako, “32 ahots izango gara emanaldietan Gabriel Baltesek zuzenduta”. Larunbatean Errenteria-Oreretan eta igandean Oiartzunen eskainiko dituzten programak ezberdinak izango direla azaldu du abeslariak, “errepertorioa erromantizismo garaitik hasi, gaur egungo musikaraino helduko gara eta bakarlari gisa Kup abesbatzako Mario Hernandez ariko da”. Jendea bertaratzera deitu du Guerrerok, “kontzertu gutxi ditugu eta aspaldiko partez gu entzuteko aukera izango dute”.
Gartziak ere deia egin du jendea bertaratu dadin, “ohorea da hemen duguna, eta hemen entzungo dena. Esperimentazioa behar dela aurrera egiteko aipatu duzue eta gustatu zait hori entzutea”.
Urdanpilletak, bere aldetik, “pozgarria” dela Oarsoaldeko kultur agendetan memoriala txertatu izana, “bada Azkueren memoria, berekiko maitasuna eta errespetuaren adierazlea eskualdean. Zikloa bada ere kultura eta ondarearen transmisioa, ezagutzea zer dugun gure herritan, eta horren transmisioa. Harribitxi bat da, ziklo hau ez delako normalean gure kultur programazioetan ohiko jarduera”. Deia ere Urdanpilletak herritarrei emanaldiez gozatzera, esperimentatzera gertura daitezen, eta esker ona, Oiartzungo Organozale elkarteari egiten duen lanarengatik, “pasioz egiten duten lan horrengatik. Zuei esker gaude udalok hemen”.

Azkue Memorialaren aurkezpena gaur.
Azkue Memoriala
- Hilak 14, larunbata: Errenteria-Oreretako San Agustin komentuan organo kontzertua Oscar Rodriguez eta Ignacio Arakistainen eskutik KUP ahots taldearekin batera.
- Hilak 15, igandea: Oiartzungo Done Eztebe Parrokian Harmoniun (Oscar Rodriguez) eta piano (Ignacio Arakistain) duoa Kup taldearekin batera.
- Hilak 28, larunbata: Irungo Junkaleko andre Maria parrokian inprobisazioak Monica Melcova organistarekin, eta JM Beltran Laukotearen herri musika.
