Poesiaren ontziak Lezoko kaian izango du babesa
Hilaren 19an eta 21ean seigarren Poesia Kaia jasoko du Lezok. Olerkigintza lezoarren ondora eraman nahi dute beste behin.
Juan Ramon Makuso lehen planoan, eta atzeraxeago Ainhoa Salaberria Kultura teknikaria eta Aitzol Saizar Kultura zinegotzia. Poesiaren babesleku izango da berriz ere Lezo. Hilaren 19an eta 21ean Poesiaren Kaia egitasmoaren barruko bi jarduera izango dira herrian. Seigarren ekitaldia du olerkigintza herritarren ondora iristeko saiakerak, eta Balea Zuria kultur eragile eta argitaletxeak eta Lezoko Udalak elkar lagundu dute berriz ere egitasmoa aurrera atera dadin. Poesiaren ontziak Lezoko kaian izango du babesa beste behin.
Seigarren Poesia Kaiaren xehetasunak gaur (osteguna) eman dituzte Aitzol Saizar Kultura zinegotziak, Ainhoa Garmendia Kultura teknikariak, eta Balea Zuriako kide Juan Ramon Makuso poetak. “Kultura gure burmuinak astintzeko behar dugu. Ez dakit beste funtziorik ote duen kulturak. Maila horretan iraultzailea izan daiteke kultura, eraldatu behar du. Poesia ere iraultzailea izan daiteke, beraz”, esan du Makusok. Sortzaileak aipatu du Oarsoaldeko, Gipuzkoako edo Euskal Herriko herrietan, hiriburuak salbu, ez dela Poesia Kaiaren parekorik, “poesiak apenas du tokirik kultur programazioetan. Lezoko Udalak babesa ematea oso eskertzekoa eta txalotzekoa da”.
Saizar zinegotziak adierazi du Lezoko Udalarentzat ezinbestekoa dela herriak kultur programazio aberats eta anitza izatea, eta zeregin horren adibide dela Poesia Kaia. Poesia herritarrengana gerturatzea, hura da Saizarren arabera egitasmoaren misioa: “Urtez urte formatu eta askotariko jatorrietako proposamenak ekarri ditugu, eta aurten ere hala izango da. Kulturaren apustu garbia egiten dugu, eta horrelako jarduerak aurrera eramateko ezinbestekoa da profesionalen jarrera eta poesia gertutik bizi dutenen bultzada. Eskerrak eman nahi dizkiot, beraz, Juan Ramon Makusori eta Balea Zuriari herrian jarduera hauek antolatzeagatik”.
Egitaraua
Aurtengo Poesiaren Kaiak bi hitzordu izango ditu. horien berri eman du Salaberria teknikariak. Lehenean, hilaren 19koan (osteguna) Oihane Zuberoa Garmendia poetak Zergatik eta zertarako irakurri Rilke izenburupeko solasaldia eskainiko du Kultura Aretoan, 19:00etan hasita.
Hilaren 21ean (larunbata da), berriz, Gezala Auditoriumak poesia errezitaldia jasoko du 19:00etan Raquel Santanera Vila, Elena Sanchez eta Iban Garro Alzuri olerkariekin, eta Jon Imanol Etxabe (tenorea) eta Jon Makuso Arrizabalaga (biolin jotzailea) musikariekin. “Jada ohitura bihurtu da Poesia Kaiaren barruan ostegun bat eta larunbat bat poesiari eskaintzea. Gonbita egiten diegu lezoarrei eta hala nahi duten guztiei bi emanaldietara hurbil daitezela”, esan du Salaberriak. Bi jarduerak doan direla nabarmendu du.
Xehetasunak
Poesia ardatz izanda, askotariko eskaintza prestatzea izan dutela xede azaldu du Makusok. Hori oinarri, hilaren 19ko eta 21eko saioetan sakontzeko aukera baliatu du.
Azaldu du hilaren 19ko Oihane Zuberoa Garmendia poeta, idazle eta irakaslearen hitzaldia euskarazkoa izango dela. Rainer Maria Rilke poeta txekiarraren obra izango du hizpide Zergatik eta zertarako irakurri Rilke solasaldian; abenduaren 29an beteko dira 100 urte hura hil zela. “Inor ez da haserretuko esaten badut poesiaren historian Rilke izan dela poetarik handienetakoa. Lezora bere historia eta oroimena ekartzea erabaki genuen”, zehaztu du Makusok. Poeta izateaz gain pertsona kultu eta bidaiaria izan zen txekiarra, eta bitxikeria bezala esan du Euskal Herrian ere arrastoa utzi zuela, Inazio Zuloaga pintore eibartarrarekin harremana izan zuela, “kulturako emakume eta gizonek sarea behar dutela esan nahi du horrek”.
Hilaren 21eko emanaldian lehenik eta behin Raquel Santanera Vila poeta katalana, eta Elena Sanchez nahiz Iban Garro Alzuri euskal herritarrak ariko dira. “Hemen gure helburuetako bat dena beteko dugu: hizkuntzen arteko errezitaldia izango da. Hirurek nork bere hizkuntza errezitatuko du”. Itzulpenak emango dizkiete ikus-entzuleei, “Belarriprestak ere joan daitezke hara”, esan du txantxetan Makusok.
Ondoren musikari tartea zabalduko zaio. Ingalaterrako XX. mendeko herri abesti eta kantuekin osatutako errepertorioa taularatuko dute Jon Imanol Etxabe tenoreak eta Jon Makuso Arrizabalaga biolin jotzaileak.
