Euskal Herria plazako parkea estaltzeko zailtasun teknikorik ez dagoela uste du EAJk
Parkea ez estaltzea udal gobernuaren "aldebakarreko erabaki politikoa" dela adierazi dute jeltzaleek, "ez du proiektua bultzatzeko eta lehentasunen artean jartzeko gaitasunik erakutsi".
Alaitz de la Maza, Laura Martinez eta Ion Pombar EAJko zinegotziak.Lezoko EAJ Lezoko EAJk uste du Euskal Herria plazako haur parkea estaltzeko zailtasun teknikorik ez dagoela. “Arazoa ez da estalkia jartzea ezinezkoa izatea, baizik eta udal gobernuak ez duela proiektua bultzatzeko eta bere lehentasunen artean kokatzeko gaitasunik erakutsi. Estalkiari esker, herriko haurrek urte osoan zehar erabili ahal izango lukete jolasgune hori, eguraldia edozein dela ere”. Hartara, udal gobernuak “aldebakarreko” erabakia hartu duela ziurtatu dute jeltzaleek, “dugun informazioaren arabera, jarduera teknikoki bideragarria da, era ez da beharrezkoa egungo egitura indartzea”. Instalazioa egokia eta segurua izan dadin bermatzeko hainbat egokitzapen egin beharko liratekeela azaldu du EAJk.
Arlo teknikoa politikora eraman dute Lezoko jeltzaleek. Azaldu dute gobernu taldeak esana duela ezinezkoa dela estalki hori jartzea, plazaren azpiko lurpeko aparkalekuaren egiturak pisu handia jasan beharko lukeela; horren gainean azalpen publikorik ez ematea ere leporatu diote udal gobernuari, “Lezoko familiek egia jakitea merezi dute”.
EAJk bildutako informazioak azalpen hori baliogabe uzten duela azaldu du Laura Martinez udal taldearen eledunak: “EH Bilduk erabaki politiko bat ezintasun tekniko gisa aurkeztu du. Estalkia jartzea bideragarria bada, azaldu beharko du zergatik ez den gai izan proiektua aurrera ateratzeko. Ez gaude gaindiezina den oztopo baten aurrean, borondate faltaren, lehentasun argirik ezaren eta kudeatzeko gaitasun faltaren aurrean baizik”.
Jeltzaleen ustez onura handiak ekarriko lizkioke Lezori Euskal Herria plazako parkea estaltzeak, bereziki eguraldi txarra denean. “Estalitako haur parkeetan inbertitzea haurren ongizatearen alde egitea da, familiek espazio egokiak izatea da, eta herritarren benetako beharrei erantzungo dieten instalazio publikoak edukitzea da”, esan dute.
