Euskarazko film laburrak, Oarsoaldeko lau herrietan
Gaur Ikuska film laburren jaialdia hasiko da Trintxerpen, Mintzagun sailako emanaldiekin. Saio horiek, gainera, Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen ere egingo dira.
Gaur (ostirala, hilaren 13a) Ikuska Pasaiako Badiaren Nazioarteko Film Laburren Erakusketaren XXVIII. ekitaldia hasiko da Trintxerpeko alkateordetzan, Mintzagun saileko sei emanaldiekin. Mintzaguneko lan guztiak euskaraz dira, sail horren asmoa baita euskara eta hizkuntza bizikidetza sustatzea, hizkuntza normalizazioan eraginez. Trintxerpen proiektatzeaz gain, Mintzagun ataleko film laburrak Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen ere emango dira.
Ikuskaren barruan, Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek aukeratuko dute Mintzagun sariaren irabazlea, eta horiek, aurrez aipatu bezala, eskualdeko hainbat aretotan proiektatuko dira. Emanaldi horien bidez euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza herritarrengana hurbildu nahi dute sustatzaileek, euskara ikasten ari direnei hizkuntza erabiltzeko eta euskarazko kulturaz gozatzeko aukera berriak eskainiz.
Aurtengo Ikuskan 700, Buelta eta buelta, Etxaldea, Ispilua zeharkatuz, Ultramarino eta Zezena eta umea film laburrak ikusi ahal izango dira. Azken hitza euskaltegietako ikasleena izango da, beren botoen bidez aukeratuko baita euskarazko film labur onena.
Emanaldiak
Euskaltegietako ikasleei begira, bi saio antolatu dira: hilaren 16an Errenteria-Oreretako Niessen aretoan (10:00) eta hilaren 18an Trintxerpeko alkateordetzan (10:00). Horiez gain, bi saio ireki egingo dituzte, herritar guztiei begirakoak: hilaren 17an Lezoko Gezala auditoriumean (19:00), Lezoko Zinema Ttikiaren laguntzarekin eta hilaren 18an Oiartzungo Landetxe aretoan (17:30).
Gazteek ere euskarako zinemaz gozatzeko aukera izango dute. Hilaren 19an, 12:45ean, Lezoko Institutuko ikasleei zuzendutako emanaldi berezia egingo da Gezalan, Lezoko Zinema Ttikia eta Euskara Talaia elkarteen laguntzarekin.
Mintzagun saria
Mintzagun saria 2012an sortu zuten Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bidez. Egitasmo horren helburua da euskararen erabilera sustatzea eta euskara ikasten ari diren herritarrei hizkuntzarekin harremanetan jartzeko espazio berriak eskaintzea.
Urtero-urtero, zinemaren bidez euskara ikasgeletatik atera eta kulturaren eta herritarren parte hartzearen eremura eramateko aukera ematen du Mintzagunek.
