Ikuskak film laburrez beteko du Trintxerpe
Trintxer Kulturalaren eta udalaren ekimenez, alkateordetzak Ikuska film laburren jaialdiaren XXVIII. edizioa jasoko du hilaren 13tik 21era. Aurten 59 film labur proiektatuko dituzte.
Donostiako Zinemaldiko fokuetatik at, jaialdi mordoa daude harat eta honat zinemari ahotsa ematen. Horietako bat da Ikuska, Pasaiako Badiaren Nazioarteko Film Laburren Erakusketa. Urtero-urtero, Pasaian zinemari txoko bat eskaintzen diote, fidel, eta aurten 28. ekitaldia beteko du festibalak. Aurtengo edizioa hilaren 13tik 21era bitartean izango da, Trintxerpeko alkateordetzan. Ikuska Trintxer Kulturala elkarteak eta Pasaiako Udalak elkarlanean antolatutako film laburren jaialdia da. Kike Santiago Rodriguez da Ikuskaren zuzendaria, eta aitortu du «ilusio handiarekin» hartuko dutela aurtengoa.
Ikuska Trintxer Kulturala elkartearen barruko jarduera bat da, eta bere helburua da Pasaian kultura sustatzea eta herritarrei ikus-entzunezko edukiak eskaintzea. Horrez gain, Ikuskak Pasaia mapan kokatzen duela adierazi du Santiagok, ikus-entzunezkoen munduan festibal ezaguna baita.
Urtero bezala, ilusioz ekingo diote XXVIII. Ikuskari. Aurtengoak «uzta ona» izango duela aurreratu du jaialdiaren zuzendariak. Ikuskako kideek 2.500 film labur jaso zituzten izena emateko epean. Jasotako piezak landu ondoren, lantaldeak 59 hautatu zituen, eta horiek dira hilaren 13tik 21era bitartean Trintxerpeko alkateordetzan ikusgai egongo diren proiekzioak. Nazioarteko jaialdi bat denez, Ikuskan Euskal Herritik, estatutik eta mundu osotik iritsitako proposamenak ikusi ahal izango dira. Horietako batzuk Kanadatik, Alemaniatik, Herbehereetatik edota Kubatik iritsiko dira Pasaiara. Film labur guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, azpitituluekin.
Sailak
Aipatutako 59 film laburrak hainbat sailetan banatu dituzte sustatzaileek: sail ofiziala, Mintzagun saila, Emea eta Askotarikoa saila, Gauguasa saila, dokumental laburren saila eta animazioko saila. Sail ofiziala hilaren 16tik 20ra bitartean izango da, eta bertan 30 film labur inguruz gozatuko dute ikusleek. Atal ofizialeko proiekzioak 20:00etan hasiko dira. Sail ofizialeko eta lehiaketatik kanpoko film laburrez gain, beste 30 proiekzio inguru jasoko ditu Trintxerpeko aretoak.
Atal ofizialeko proiekzioak hilaren 16an hasiko badira ere, Ikuska gaur (hilaren 13a, ostirala) hasiko da, 20:00etan, Mintzagun saileko sei emanaldiekin. Mintzaguneko lan guztiak euskaraz dira, sail horren asmoa baita euskara eta hizkuntza bizikidetza sustatzea, hizkuntza normalizazioan eraginez. Ikuskako kideek hitzarmen bat dute sinatuta eskualdeko euskaltegiekin, eta ikasleek euskara erabiltzeko aukerak eta espazioak zabaltzen dituzte atal horri esker. Hitzarmen horren barruan, ikasleek hautatzen dute euskarazko film labur onena. Mintzagun sailaren bidez, gainera, euskarazko film laburrak Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen ere proiektatuko dituzte datorren astean.
Gaur Mintzagun saileko film laburrak proiektatuko badituzte ere, Ikuska ofizialki bihar (larunbata) hasiko dela jakinarazi du Santiagok, 19:00etan. Bihar Emea eta Askotarikoa ataleko filmek hartuko dute alkateordetza, dantzez eta zuzeneko musikaz lagunduta. Bekoz Beko elkartearekin batera sortutako sailak genero berdintasuna, feminismoa eta emakumeen ahalduntzea ditu ardatz, eta zazpi proiekziok emakumeak bizitzaren hainbat eremutan islatuko dituzte. Emea eta Askotarikoa saileko film laburrez gain, Gauguasa umorezko film laburren ataleko zazpi filmak proiektatuko dituzte, 22:30etik aurrera.
Igandean (hilaren 15ean), aldiz, ikusleek film labur dokumentalen saioaz gozatuko dute. Sail horrek bost emanaldi jasoko ditu. Datorren ostiralean (hilaren 20an), gainera, animazioari txoko bat eskainiko diote Trintxerpen, 22:30etik aurrera, zortzi film laburrekin.
59 film laburrak proiektatu ondoren, XXVIII. Ikuska hilaren 21ean (larunbata) bukatuko da Trintxerpeko alkateordetzan, 19:30ean hasiko den ekitaldi batekin. Egun horretan ezagutaraziko dira epaimahairen erabakiak, eta aurtengo sariak banatuko dituzte. Orotara, 6.100 euro banatuko dituzte saritan, bederatzi kategoriatan. Saritutako film laburrak, gainera, berriro proiektatuko dituzte.
