Zigor Goikoetxea Retegi izango da EH Bilduren alkategaia
Goikoetxeak dio bere intentzioa egindako bideari aitortza egin eta jarraipena ematea dela "herriarekin, herriarentzat eta herriaren eskutik".
Atzoko herri batzarreko irudi bat. EH Bildu Oiartzun Oiartzungo EH Bilduren mahai politikoak atzo aurkeztu zuen 2027ko Udal Hauteskundeetako alkategai proposamena: Zigor Goikoetxea Retegi.
Herri batzarra egin zuten Arizmendienean, eta hilaren 29ko Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeez aritu ondotik egin zuen mahai politikoak zerrendaburuaren proposamena.
Oiartzuarra, arraguarra da, eta sare sozialetan zabaldutako bideo batean kontatu du zenbait urtez munduan barrena bueltaka ibili ondoren duela hamabost urte inguru Altzibarren finkatu zela.
Hogei urte baino gehiago daramatza finantzen munduan lanean, eta azken urteetan batez ere enpresen munduan aritu dela nabarmendu du.
Egindako bideari aitortza eta jarraipena
Goikoetxeak, bestalde, kontatu du guraso izatea erabaki zutenean “nahiko argi” zutela Oiartzun izango zela haurrak hezteko lekua. “Herri bat bakarrik ez, herrigintza behar da, taupada kolektibo bat, eta Oiartzunek asko du horretatik”, dio alkategaiak.
Era berean, argi utzi du bere intentzioa egindako bideari aitortza egin eta jarraipena ematea dela “herriarekin, herriarentzat eta herriaren eskutik”.
Azkenik, gehitu du Oiartzunek dituen eta izango dituzten erronkei erantzun bat eman beharko zaiela udaletik, eta erantzun hori “planifikaziotik, estrategiatik eta kudeaketa finetik” etorriko dela.
“Oiartzungo EH Bilduren mahai politikoaren proposamena gogotsu hartu dut, eta Oiartzungo alkatea izateko asmoz nator”, amaitu du Goikoetxeak.
