Hibaika, herria eta harrobia
Hibaika Eguna egiten ari da gaur arraun kluba herriari emandako babesaren zati bat itzultzeko, eta harrobiko arraunlariei aitortza egiteko.
Hibaikako arraunlari gazteak, 'Txumi' trainerillaren atzean. Herriaren babesik gabe eta harrobiko arraunlarien bultzadarik gabe ez litzateke Hibaika existituko. Ez behintzat egun den bezalakoa. Horren jakitun, arraun elkarteak Hibaika Eguna antolatu du gaurko herriari emandako babesaren zati bat itzultzeko, eta harrobiko arraunlariei aitortza egiteko.
Goizean arraunean izan dira, Oiartzun ibaian, hainbat kategoriatako kirolariak. Lehorrera joan, eta harrobiko kirolariei aitortza egin diete, Iztieta-Ondartxon klubak duen pabiloi estreinatu berriaren alboan. Banan-banan zabaldu ditu esatariak klubaren egungo eta etorkizuneko osagai diren 112 arraunlarien izen-abizenak, kategoriaka. Omenaldirako tartea ere izan da ekitaldi horretan. Jose Angel Zumeta Mitxelena Txumi udal langile eta klubaren jarraitzaileari oles egin diote, arraun elkarteari egindako ekarpenagatik; ekainean hil zen Txumi. Trainerilla bati haren izena jarri diote, horren aurrean atera dute talde argazkia arraunlari gazteek.
Aitortzen segidan bazkaria egin dute euren gotorleku den Iztieta-Ondartxoko egoitzan. Ez da asko falta arraun sasoia hasteko, batelekin. Plater eta tragoska artean ziur 2027ak zer ekarriko duen gogoetatzen izan direla arraunlariak, zuzendaritza batzordeko kideak, eta senide nahiz lagunak.
