50 urte liburu batean
Elizalde Eskolaren historia eta memoria biltzen dituen 'Iraganetik etorkizunera, herria hezten' liburua aurkeztu dute.
Elizalde Eskolaren historia eta memoria biltzen dituen Iraganetik etorkizunera, herria hezten liburua aurkeztu zuten atzo, eta jakinarazi ekitaldiak “harrera ezin hobea” izan duela. Saioa udal pleno aretoan egin zuten, eta ekitaldiak diziplina artistiko ugari eta hezkuntzaren inguruko “hausnarketa sakona” uztartu zituen. Aurkezpenak eskolako zein herriko eragile kulturalen parte hartze zabala izan zuen, eta oholtzan aritu ziren Elizaldeko bertso eskolako haurrak, Ibargain musika eskolako ikasleak, Auntxa trikiti eskolako kideak eta Elizaldeko dantza taldeko DBHko dantzariak.
Hezkuntzaren gaur egungo eta etorkizuneko erronkei ere heldu zitzaien, eta DBHko ikasleek gidatutako mahai inguruan Joxerra Bengoetxea, Amaia Urzelai eta Joana Mendiburuk hartu zuten hitza. Ekitaldiari amaiera emateko Maiana Belaunzaran musikariak Yon Oñatibia konpositore oiartzuarraren pieza bat jo zuen biolinarekin.
Atzo aurkeztutako liburua salgai dago sei euroan DBHko administrariaren harrera gunean, eta hala egongo da aleak agortu arte.
