Molinao erreka, auzolanean zaindua
Atzo Molinao Eguna egin zen Antxon. Hondakin bilketak, Molinao errekako biodibertsitatea ezagutzeko jarduerak eta haren zaintzarekiko konpromisoa adierazteko ekintzak egin zituzten.
Atzo Molinao Eguna ospatu zen Antxon. Euria egin zuen arren, jardunaldia Materreko Bio eta Zabor erraldoiekin hasi zen, eta sustatzaileen arabera, familiek goiz atsegin batez gozatu zuten.
Bertaratutako pertsonek hiru jardueratan hartu zuten parte:
- Hondakin bilketa: Parte hartzaileek zaborra atera zuten Molinao errekatik eta ingurutik.
- Erreka bizirik!: Familiek errekatik ur laginak hartu zituzten uraren ezaugarriak nolakoak ziren jakiteko.
- Konpromiso sarea: Parte hartzaileek beren izenak idatzi zituzten oihal zati gorrietan eta zubiaren sarera lotu zituzten horiek, erreka zaintzeko konpromisoa adierazteko. Sarean Errekaz harro mezua idatzi zuten eguneko goiburu modura.
Molinao errekakako hondakin handienak egun batzuk lehenago bildu zituzten, eta horiek hilaren 27ra arte egongo dira ikusgai, Ibaiondo frontoiaren aurrean.
Atzoko jarduerak bukatu ondoren, parte hartzaileek taldeko argazkia atera zuten eta Laurak Bateko tabernetan pintxo batzuk hartu zituzten.
Pasaiako Udalak Materrekin, Itsas Zaintza Sarearekin, Behemendirekin eta Laurak Batekin elkarlanean antolatu zuen topaketa, III. Aldaketarako Marearen barruan. Sustatzaileek eskerrak eman dizkiete Molinao Egunean parte hartu zuten herritar guztiei, jardunaldiarekin bat egiteagatik eta Molinao erreka zaintzeko konpromisoa izateagatik.
Hona hemen Pasaiako Udalak igorritako hainbat argazki, atzokoak:
