Itsas memoriaren artxiboa, bizi-bizi Pasaian
Materren eta Arkeolurren ekimenez, San Pedroko lonjak 'Itsasoaren Oroimena' erakusketa parte hartzailea jaso du urrian zehar. Orotara, 1.122 bisitari pasa dira bertatik.
Urriaren 31n itxi zen San Pedroko lonjan ikusgai egon den Itsasoaren Oroimena izeneko erakusketa parte hartzailea. Irekita egon den hilabetean 1.122 pertsona pasa dira barruti moreko eraikinetik. Horiez gain, 120 lagun baino gehiagok doako tailerretan hartu dute parte, aforoa guztiz betez. Erakusketa Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren eta Arkeolur Elkartearen ekimenez egon da ikusgai, eta bi eragileek Pasaiako Udalaren, Pasaiako Portu Agintaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute.
Erakusketari esker, San Pedroko lonja itsas ondarearen erakusleiho izan da urrian zehar. Materren arabera, komunitatearen inplikazioa “apartekoa” izan da: hogei pertsona baino gehiagok etxeetan eta artxiboetan gordetako altxorrak utzi dizkiote erakusketari, eta ehunka pieza eta argazki erakutsi dira publikoki. Tartean, honakoak nabarmendu ditu Materrek: PYSBEko bakailao ontzien farolak eta jatorrizko erremintak, Aquilón bakailao ontziaren maketa (800 tonakoa), sestante zahar bat, 1870eko Ternuako itsas kartak eta 1983an makinaz idatzitako doktore tesi bat, arrantza krisiari eta horrek Pasaiako portuan izan zituen ondorioei buruzkoa. Ahozko lekukotza batzuk ere bildu dira, audioz eta bideoz grabatuak, Ternuako kanpaien eta portuko bizitzaren oroitzapenekin.
Erakusketaren bitakora koadernoak bisitariek utzitako memoria jaso du. Erreskatatutako istorioetako bat armadore emakume batena dela kontatu du Materrek: “Bakailaoa mozten zuen emakume bakarra zela gogoratu zen, eta bandera errepublikanoaren garaian bere ontziak San Pedrora ekarri zituela”. Beste lekukotza batzuek 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Pasaian egon zen 300-400 ontzi arteko flota gogoratu zutela jakinarazi du eragile pasaitarrak, baita bertako ontziolen inguruko 500 langile inguruak ere.
Jende asko, gainera, bere kabuz joan zen argazkiak, dokumentuak eta kontakizunak antolatzaileekin batera katalogatzera. “Jendeak ezagutzen eta maite duena zaintzen du”, adierazi du Izaskun Suberbiola Materreko zuzendariak.
Ondarea etxeetan
Materren arabera, Itsasoaren Oroimena erakusketak erakutsi du “Pasaiako ondarea ez dagoela bitrinetan itxita, etxeetan eta bertako jendearen memorian baizik”. Materrentzat, saregileen, arrantzaleen eta portuko langileen lana aitortzeak “pasaitarren harrotasuna piztu du berriro”.
Programazioak, gainera, espazioak bete zituela adierazi du Materrek: “Arte al agua proiekzioak eta solasaldiak 60 lagun baino gehiago bildu zituen. Aste hauek adinekoen eta gazteen arteko elkarrizketa izan dira, eta Ekonomia Urdinaren inguruko bokazioak pizten dituzte. Berreskuratutako argazki edo kontakizun bakoitzak Pasaiako lau auzoen kohesioa indartu du”.
Erakusketaren itxiera ekitaldia urriaren 29an egin zen. Bertan izan ziren Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzaren presidentea, Teo Alberro Pasaiako alkatea, udal zinegotziak eta erakusketaren egilekideak.
Aurrera egiteko nahia
Erakusketaren dinamiketako batean, komunitateak Pasaia urdin baten inguruko nahiak eta motibazioak bildu zituela adierazi du Materrek, eta askok nahi bat partekatzen dutela: bizitakoari jarraipena ematea. Nahi horrekin, Materrek eta Arkeolurrek portu agintaritzari eta erakunde publikoei proposatu diete “esperientzia pilotu honen ikaspenak finkatzea eta aurrera egitea”. Zehazki, portuan ondare immaterialari, itsas kulturari eta garapen urdinari eskainitako espazio eta ekipamendu iraunkor bat sortzera, komunitatearen eta haren memoriaren eskutik.
