Itsaspeko zineman sakonduko da Pasaia
Abenduaren 2tik 16ra Nazioarteko Itsaspeko Zinearen bosgarren edizioa egingo da. Hiru proiekzio eta itsaspeko argazkien erakusketa bat jasoko ditu Donibaneko kulturguneak.
Abenduaren 2tik 16ra bitartean Nazioarteko Itsaspeko Zinearen (CIMASUB) bosgarren edizioa egingo da Pasaian. Jarduera guztiak Donibaneko kulturgunean egingo dira: hiru proiekzio jardunaldi eta zikloaren bi asteetan bisitatu ahal izango den itsaspeko argazkien erakusketa. Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziak eta David Sanchez eta Lourdes Anza CIMASUBeko arduradunek aurkeztu dute aurtengo zikloa, lehiaketaren hastapenei eskainia.
Pasaiako hitzordua CIMASUB Tour 2026-2027 biraren parte da. Bira horren barruan zenbait udalerritan aurkeztuko dira lehiaketaren 50. edizioko lan batzuk. Pasaian, zikloa Aldaketarako Marearen hirugarren edizioaren barruan kokatu dute sustatzaileek. Aldaketarako Marea egitasmoaren bidez, Pasaiako Udalak eta udalerriko ingurumen eragileek badia eta itsas ingurunea zaintzeko herritarren parte hartzea sustatzen dute.
“Pasaiako badia gure nortasunaren eta ingurunearen parte da, eta hura zaintzeak urpean dugun aberastasun naturala ezagutzea eta ulertzea ere badakar. CIMASUBek aukera paregabea eskaintzen digu errealitate hori herritarrengana hurbiltzeko, jakin-mina pizteko eta gure itsas ekosistemak babesteko premiari buruzko kontzientzia sortzeko”, adierazi du Pazosek. Eta jarraitu du: “Egitasmo hau Aldaketarako Marea iniziatibaren barruan kokatzeak funtsezko ideia bat indartzeko aukera ematen digu: ingurumen eraldaketek herritar informatuak, inplikatuak eta protagonistak behar ditu. Itsas ingurunearen zaintza erantzukizun partekatua izatea nahi dugu”.
Hiru zinema saio Donibanen
CIMASUBen barruan, hiru film proiektatuko dira Donibaneko Juanba Berasategin. Proiekzioak abenduaren 2an, 9an eta 16an izango dira, 19:00etan, eta sarrera doakoa. Saioen bidez, ikusleak itsaspeko munduan murgilduko dira, itsas ekosistemen aniztasuna, bertan bizi diren espezieen portaera eta haien kontserbazioari eragiten dioten arazoak erakusten dituzten ikus-entzunezko lanen bidez.
Proiekzioek itsaspeko zinemak behatzeko zailak diren habitatak eta portaerak nola dokumentatzen duten islatzen dute, baita giza jarduerak ozeanoetan duen eragina ere. Hiru filmak herritar guztiei begirakoak dira.
Erakusketa
Argazki erakusketa abenduaren 2tik 16ra bitartean egongo da ikusgai Donibaneko kulturgunean. Erakusketan itsaspeko espezieak eta paisaiak ikusiko dituzte ikusleek, itsaspeko bizimoduaren aniztasuna gertutik ikusteko aukera ematen duten irudien bidez. Sarrera ere doakoa izango da.
Erakusketa astelehenetik ostegunera 10:00etatik 12:45era eta 16:30etik 19:45era eta ostiraletan 10:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da.
Itsaspeko Txikizikloa
Aurreko edizioan bezala, itsaspeko Txikizikloak itsas biodibertsitatea hurbilduko die Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei, film labur hezigarrien eta itsas inguruneko adituekin egindako hitzaldien bidez. Proiekzioen ondoren, ikasleek ozeanoei eragiten dieten arazoak ezagutu eta haiek babesten lagun dezaketen ekintzei buruz hitz egin ahal izango dute.
Saioa abenduaren 10ean izango da, 10:00etan, Juanba Berasategin. Saiora joan aurretik, antolatzaileek emandako material didaktikoekin lan egingo dute taldeek ikasgelan. Sustatzaileen arabera, jarduerak lagungarriak izango zaizkie itsasoaren zaintza beren eguneroko ohiturekin lotzeko, kontsumo arduratsutik hasi eta ingurune naturalekiko errespeturaino.
Itsaspeko Adinzikloa
Itsaspeko Adinzikloak CIMASUBa adinekoei hurbilduko die beste behin. Jarduera horren bitartez, adinekoek beren familiekin eta zaintzaileekin partekatu dezakete itsas biodibertsitateari buruzko esperientzia, eta haren kontserbazioari buruz hausnartu. Proposamenaren helburua da zikloan parte har dezaten ahalbidetzea, eta ongizate emozionala bultzatzea, kultura jarduera partekatu baten bidez. Topaketa abenduaren 3an izango da, 11:00etan, Antxoko Finiren Txokoan.
50. urteurrena
CIMASUB 1975ean sortu zen, Subacuáticas Real Sociedaden eskutik. Donostian lehen proiekzioak egin zituztenetik, itsaspeko zinema eta argazkigintza dozenaka udalerritara eraman dituzte jaialdiaren bidez. Erakundeen datuen arabera, 500 saio baino gehiago egin dira Gipuzkoan, Euskadiko beste lurralde batzuetan, autonomia erkidegoetan eta Europako hainbat herrialdetan.
50. edizioa izan da, hain zuzen, parte hartze handiena izan duena: 42 dokumental, 77 film labur eta 700 argazki inguru aurkeztu dira nazioarteko lehiaketan. Lanen %70 inguru Espainiatik kanpoko egileenak dira, eta 80 argazki baino gehiago kontzientziazio ekologikoaren kategorian aurkeztu dira, itsas inguruneari eragiten dioten arazoei buruzko kategorian.
