Yakovlev 42 taldeak oholtzak utziko ditu

Sare sozialetan zabaldu duten komunikatu batean jakinarazi dute hilaren 7an eman zuten kontzertua izan zela Yakovlez 42ren azkena.

yakovlev 42 taldea Yakovlev 42 taldearren artxiboko irudi bat.

Hamar urte baino gehiago dira Oiartzunen Yakovlev 42 taldea sortu zela, eta gauza askorekin gertatzen den bezala, iritsi da euren agurra. Sare sozialetan argitaratu duten komunikatu batean eman dute erabakiaren berri, eta jakinarazi hilaren 7an Non Servium taldearekin batera eman zuten kontzertua izan zela euren azkena.

Hala ere, ez dakite behin betiko azken emanaldia izan zen hura; “dakiguna da duela hilabete batzuk erabaki hau hartu genuela eta Oiartzun zela ziklo hau ixteko leku aproposa. Ezin genuen agur hoberik imajinatu”, diote.

Hamarkada batez baino gehiagoz dozenaka kontzertu eman dituzte, baina euren jarduna ez da soilik aisiarako izan: “Hamar urte baino gehiago kantuan, borrokan, sinesten dugunaren alde eta etengabe ikasten. Hamar urte baino gehiago izan dira errepidean, gaztetxeetan, okupetan, aretoetan eta herriko jaietan; kilometroak, urduritasuna, barreak eta kolperen bat edo beste”.

“Kaleetan ikusiko dugu elkar”
Taldekideek diote zenbatezinak direla sinesten duten kausen alde emandako kontzertuak, eta argi dute orain ere borroka horiek beste espazio batzuetatik eta beste modu batzuetan babesten jarraituko dutela, “orain arteko konpromiso eta sinesmen berarekin”.

Azkenik, sareetan zabaldutako mezuan diote ez dakitela hau agur bat ala gero arte bat izango den, baina harro daude bizitako guztiagatik, eta bihotzez eskertuta agertu dira urteotan euren ondoan agertu direnekin. “Eskerrik asko kontzertu bakoitzagatik, besarkada bakoitzagatik, ozen kantatutako abesti bakoitzagatik eta elkarrekin egindako kilometro guztiengatik”, amaitu dute.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.