Non daude Oiartzungo eskubaloilariak?
Ereintza eskubaloi taldeak Oiartzungo jokalariei eskubaloia probatzeko aukera luzatu die. Jakitun dira herrian pilota eta futbola direla nagusi, baina ostiral arratsaldeetako entrenamendu irekietara deitu dituzte haurrak.
Ereintza Eskubaloiko haurrak Oiartzungo saio batean.Ereintza Esku pilotak zein futbolak indar handia dute Oiartzunen. Ez alferrik, adin guztietako bizilagunak aritzen baitira kirol horietan. Pilotan badira zenbait profesional, eta herriko gazte askoren erreferente bilakatu dira gainera. Hala, ohiturari jarraiki-edo, haur askok automatikoki futbolean edota pilotan ematen dute izena, batzuk ia pentsatu ere egin gabe ea benetan kirol horretan aritu nahi duten. Gogoeta hori sustatu nahian dabil Errenteria-Oreretako Ereintza eskubaloi taldea.
Iker Mujika Ereintza eskubaloi taldeko entrenatzaileetako bat da, eta kontatu du azken urteetan taldearen harrobia txikitu egin dela. Jakitun da jaiotze tasa ere jaitsi ere egin dela, baina nabarmendu du gizonezkoetan futbolak beste kirol guztiei itzal egiten diela. Mujikaren hitzetan, Oiartzunen inoiz ez da eskubaloi talderik egon: “Ez dago ia ohiturarik, beti egon dira gorenean futbola eta pilota. Noizbehinka etortzen zen gurera haur oiartzuarren bat, baina ez multzoetan”.
Hori horrela, klubera jendea nola erakarri pentsatzen hasi, eta eurak Oiartzunera gerturatzea erabaki zuten, badakitelako haur batentzat ez dela erosoa Errenteria-Oreretara entrenatzera joatera. Ideia hori lantzen hasi ziren, eta dagoeneko bada emaitza bat: ostiral arratsaldeko seietatik zazpietara Elorsoro kiroldegian entrenatzen dira, eta nahi duen oro bertaratzeko aukera zabaldu dute. 9, 10 eta 11 urteko haurrei begirako saioak egiten dituzte, eta iniziatiba emaitza ematen ari dela dirudi, dagoeneko hogei haurreko talde bat egin baitute.
Kimu eta benjamin kategoriako neska-mutilek ez dituzte astebururo partidak jokatzen, baina Mujika sinistuta dago adin tarte horretako haurrek kirol ezberdinak probatu behar dituztela zer egin nahi duten eta non egon nahi duten erabakitzeko. “Planteatzen ditugun entrenamenduak guztiz irekiak dira, eta ez dago zertan aurrez abisatu saiora etorri behar dutenik. Saioa egiten dute, eta guk gure kontaktua ematen diegu non gauden jakin dezaten. Kirola gustatzen bazaie, bikain, aurrera; eta ez badute gustuko, agian beste noizbait itzuliko dira”.
“Kirol lagunkoia”
Ereintzakoak eskubaloia maite du, eta sentimendu bera zabaldu nahi du gizartean. Azaldu du haren inguru soziala eskubaloiak baldintzatuta dagoela, eta eskertuta dago zeharo horregatik: “Gipuzkoako beste herri batera joan eta aukera handia dago han ezagun edo lagunen bat aurkitzeko, eta harekin eskubaloiaz lasai aritzeko. Futbolean jokatzen nuenean ez nuen horrenbeste bizi hori, baina eskubaloian bai. Aukera handiak daude kirol honetan lagunak egiteko eta inguru soziala handitzeko. Eskubaloia guztiz erlazionatzen dut kirol lagunkoi batekin”.
Entrenatzaileak, bestalde, iritzi du banakako kirolek boom handi bat izan dutela azken boladan; zehaztu du jende askok duela ohitura korri egitera joateko, bizikletan ibiltzeko edota mendira joateko, eta hautu horiek gutxietsi gabe, nabarmendu du eskubaloian laguntasuna bezalako balioak sustatzeko aukera kolektiboa badagoela.
Era berean, eskubaloia bera “ikusgarria” dela nabarmendu du: “Erakargarria eta dinamikoa da oso, minutuero gertatzen da zerbait, eta horrek kirola bera dibertigarri egiten du”.
Mujikak, azkenik, haurrak ostiraletan egiten dituzten saioetara gonbidatu ditu. Izan ere, haurrentzat “kirol arrotz bat” izanik ere, “eskertuta” agertu da duten jarrerarekin: “Ikaragarrizko interesa jartzen dute, eta luxu bat da euren belaki jarrera ikustea. Informazio guztia bere egiten dute, eta hori asko eskertzen da”.
