Gizonak interpelatu nahi dituzte oraingoan
Oiartzungo Feministen Asanbladara indarkeria kasu asko heldu dira azken urtean, eta denak ezin kudeatu dabiltza. Azaroaren 25ean gizonei erantzukizuna hartzeko eskatuko diete.
A25aren harira Oiartzunen egindako ekitaldi bateko irudi bat. L. Perlines Nazkatuta eta haserre. Horrela sentitzen da Oiartzungo Feministen Asanblada. Hilaren 25a heltzear da, eta egun horretara begirako jarduerak prestatzen eta lanketa egiten ari badira ere, aurtengoan gainezka ibili dira, heldu zaizkien kasu guztiak kudeatu ezinda. Aitziber Erasun eta Janire Ortiz aipatutako taldeko militanteetako bi dira, eta urtean zehar egindakoari erreparatuta, kontatu dute eurengana jo duten emakumeak artatzen eta zaintzen aritu direla.
Hala ere, argi dio Erasunek: “Haserre eta nazkatuta gaude horrenbeste kasu daudelako. Badakigu indarkeria matxista kasuak badaudela, baina aurten nabarmen hazi da gugana iritsi diren kasuen kopurua”.
Feministen asanbladako kideek esku artean dituzten kasuen kopurua kezkagarria da, baina era berean “pozik” dira oiartzuarrak, emakumeak babes bila eurenera jotzen dutenean agerian uzten baitute talde feministarengan konfiantzen dutela. “Hori positiboa iruditzen zaigu, baina batzuetan ez dugu jakiten nola kudeatu kasuren bat. Batzuetan kasu guztiak behar bezala kudeatzeko denborarik ez daukagunaren sentsazioa dugu, eta nazkatuta gaude. Horregatik, hilaren 25ean emakumeak aipatu beharrean gizonak, erasotzaileak seinalatu eta interpelatu nahi ditugu”, azaldu du Ortizek.
Tartean, dekalogo bat
Datorren asteazkenean (hilak 25) asanbladako kideen ezinegona plazaratzeaz harago, gizonek erantzukizuna hartzeko garaia dutela aldarrikatu nahi dute, baina ez erasotzaileek soilik, “baita euren inguruko jendeak ere”.
Erasunek heldu dio gaiari, eta kontatu du erasotzaile batek kasu honetan emakume bat erasotzen duenean ez duela soilik emakume hori ukitzen, inguruan duen jende guztia ere bai. “Askotan ez da seinalatzen, baina dena hankaz gora jartzen da, eta zaila da hori kudeatzea”. Ortizek Erasunek esandakoa berretsi du, eta erantsi hori ere badela muga bat kasuak kudeatzeko garaian.
Horregatik guztiagatik, besteak beste, Ez erasotzeko oinarrizko dekalogoa argitaratuko dute hilaren 25ean, eta herritarren artean zabaltzeaz gain, sare sozialetan ere jarriko dute. Dekalogo hori “oso oinarrizkoak” diren esaldi batzuen bilduma bat da, feministek ikusten dutelako oinarrizko kontzeptuak ere ez direla ulertzen.
Izan ere, bi emakumeek kontatu dute “nekatuta” daudela “amatxo paper batetik” jendeari esateaz zer egin behar den eta zer ez. Hala ere, egitasmoak umore kutsu bat ere baduela aurreratu dute, haien iritziz umorea ahalduntzeko tresna”«oso interesgarria” delako.
Egunean bertan, hilaren 25ean alegia, dekalogoaren harira antzerki bat egingo dutela iragarri dute 18:00etan hasita. Irakurketa ere izango da Doneztebe plazan, eta aurreko egunetan moskeo kanpaina bat ere egingo dutela aurreratu dute “jendea pizteko”. Aipatutakoez gain, ikus-entzunezko bat ere prestatuko dutela zehaztu dute.
Hamabost kasutik gora
Azken hilabeteetan egindakoari erreparatuta, esku artean hamabost indarkeria matxista kasu baino gehiago izan dituztela jarri dute nabarmen Erasunek eta Ortizek, eta, ondorioz, aurtengo lanaren zati handi bat horiek kudeatzea izan dela nabarmendu dute.
Kontzientziazioaren gainean galdetuta, Erasunek uste du jendeak salaketak egiteko edota asanblada feministarengana hurbiltzeko indar gehiagorekin dagoela. “Jendea beldur gutxiagorekin sumatzen da. Herrian prestigioa hartu dugu, eta hori ere ikusten da”, Ortizek. Hargatik, emakumeen arteko sarean eta ahizpatasunean gehiago sinesten dela uste dute, eta jendea gogoz gerturatzen dela taldekideengana. “Denak ez dira etortzen salaketa egiteko helburu soilarekin, batzuk zainduak izateko edota barruak husteko ere inguratzen dira”, jarraitu du Ortizek.
Batzuetan kasu bat baino gehiago pilatzen zaizkio asanblada feministari, aurten bezala, eta Erasunek nabarmendu badu ere beti saiatzen direla emakume horiek zaintzen eta artatzen, batzuetan ez direla iristen aitortu du, “ez gara beti gai nahi genukeen bezala edota emakume horiek nahiko luketen bezala artatzeko”.
Alabaina, talde feministak uneren batean ikusten badu ezin duela kasuren bat behar bezala kudeatu, bideratu egiten dute. “Guk ahal dugun arte egiten dugu, eta hortik aurrera beste profesional edota erakunde batzuetara bideratzen ditugu”, zehaztu du Erasunek.
Ortizek ere elkarlanean jarri du ardatza: “Oso polita eta garrantzitsua da egiten duguna. Gugana etortzen direnei konfiantza osoz esaten diegu noraino hel gaitezkeen, eta jakinarazten diegu agian gauza batzuk ez dakizkigula egiten eta muga batzuk baditugula, baina laguntza eskatzen dugula nabarmentzen diegu, eta elkarlanean jarduten dugula azaltzen diegu. Kasuak ez ditugu bideratzen, inondik inora, ez ditugulako kudeatu nahi, baizik eta ikasten ari garelako eta ikusten dugulako besteen laguntzarekin egin dezakegula”.
Azken hilabeteetan arlo judiziala ukitu dutela kontatu du Erasunek, eta hor “hutsune pila bat” daudela konturatu dira. “Etengabe gizartea salaketak egitera bideratzen da, baina, era berean, salaketa prozesu hori oso kaskarra bat da”. Ortiz bera ere ados da haren kideak esandakoarekin: “Prozesu deseroso bat da, eta ez dago zaintzan zentratuta”.
Azkenik, indartsu eta gogotsu daudela nabarmendu nahi izan dute asanbladako kideek. “Ahal dugun hoberena egiten dugu beti”.
