Pasaiako puntu ilunak aztertzea xede
Udalak herritar guztiei begirako saio ireki bat antolatu du abenduaren 1erako. Donibaneko Juanba Berasategin izango da, 18:30ean.
Pasaiako Udala, herriko eragile zein norbanakoekin elkarlanean, Mapa Morea eta Puntu Ilunak izeneko prozesua gauzatzen ari da. Orain arte bi saio egin dituzte, eta LGTBIQ+ kolektiboarekin, Berdintasun Mahaiarekin eta Jabetze Eskolarekin bildu dira. Udalak, gainera, galdetegi digital bat ere jarri du herritarren eskura, eta hilaren 30a da ekarpenak egiteko azken eguna.
Prozesuaren barruko hirugarren saioa abenduaren 1ean izango da, 18:30ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Saio hori irekia izango da, eta orain artean bildutako ekarpen guztiak partekatuko dituzte herritarrekin. Bertaratzen direnek Pasaian identifikatutako puntu ilunak ezagutu eta elkarrekin aztertuko dituzte, toki bakoitzean zer oztopo dauden eta zer hobetu daitekeen ikusteko. Puntu ilun horiek ezagutu eta aztertzeaz gain, proposamenak eta ekarpenak egiteko aukera izango da.
Saioa herritar guztiei dago irekita, eta haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da. Zerbitzu hori baliatu nahi dutenek mezu elektroniko bat bidali behar dute Berdintasun saileko helbidera.
Mapa Morea eta Puntu Ilunak
Mapa Morea eta Puntu Ilunak prozesuaren bidez, udala espazio publikoa ikuspegi feministatik aztertzen ari da, herriko kaleak eta plazak guztiontzat seguruagoak, irisgarriagoak eta bizigarriagoak izan daitezen.
Lehen fasean herritarren autonomia mugatzen duten lekuak eta egoerak identifikatzen ari da udala. Diagnostikoak lau alderdi kontuan hartuko dituela adierazi du udal erakundeak: erasoen eta mehatxuen aurreko segurtasuna, arriskuen eta istripuen aurreko babesa, irisgarritasun unibertsala eta mugikortasunari eta denborari lotutako oztopoak.
Bigarren fasean Mapa Morea landuko da, emakumeen memoria historikoa gordetzen duten lekuak, zaintza errazten duten espazioak eta bizitza komunitarioa sustatzen duten guneak identifikatzeko.
