Udal ordezkariak Herbeheretan izan dira

Joana Mendiburu eta Aiako Harria hiri politiken etorkizuneko erronkez hausnartzen eta praktika onak ezagutzen aritu dira Rotterdam eta Amsterdamen.

Europar Batasuneko hiri agendak hamar urte bete ditu; 2016an abiatu zen Pact of Amsterdamekin, hiri politiken diseinuan hiri, estatu kide eta Europako erakundeen arteko lankidetza indartzeko.

Urteurrenaren harira, ‘Hiriak erdigunean: Europar Batasuneko hiri agendak 10 urte eta hemendik aurrerako bidea’ jardunaldia antolatu dute Rotterdmamen eta Amsterdamen, eta han izan dira Oiartzungo Udaleko ordezkariak, zehazki Joana Mendiburu Garaiar alkatea eta Aiako Harria Gaztelumendi Gaztelumendi zinegotzia.

Duela hamar urtetik hona, hiriak Europako politiken erdigunean jarri nahi izan ditu Europar Batasunak, eta lanketa horretan kokatzen dira egin berri diren jardunaldiak. Hirien erronkei buruz gogoetatzeko eta praktika onak ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnak; besteak beste, etxebizitzak, trantsizio klimatikoaz, hiri plangintzaz, mugikortasunaz, inklusio sozialaz edota hiri ekonomiaz aritu dira.

Auzo elkarteena, “funtsezko lana”
Azaldu dutenez, kohesio soziala da Europako hiri gehienen erronka nagusietako bat, eta gehitu Rotterdameko auzo elkarteek “funtsezko lana” egiten dutela auzolanean herritarrak gurutzatu eta elkarbizitza lantzeko.

Hori horrela, 180 nazionalitatetik gora elkartzen dituen auzo elkarte baten lokala, funtzionamendua eta ekintzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Oiartzungo Udaleko ordezkariek jardunaldietan parte hartu duten beste hainbat kiderekin batera.

Amsterdameko saioan, berriz, Austriako etxebizitza politikaren ezaugarriak ezagutu dituzte, baita uraren kudeaketa onak hiri antolamenduan eta herrietako gune publikoak atseginago bihurtzeko ematen dituen aukerak ere.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.