Lau haizetara zabaldu dute Kultura Mahaiaren egitekoa
Garazi Urdampilleta alkateordeak praktika on gisa aurkeztu du Kultura Mahaia Azpeitian Oinherrik antolatutako jardunaldi batzuetan.
Oinherrik, Euskal Herriko herri hezitzaileen sareak Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen. Kultur eskubideak herri hezitzaileen ikuspegitik jardunaldiak egin ditu Azpeitian, Artaziak kooperatibarekin lankidetzan.
Jardunaldi horietan herritarren parte hartzean oinarrituta bidea egiten ari diren hainbat kultur proiektu komunitario ezagutzeko aukera izan da jardunaldietan, tartean, Oiartzungo Kultura Mahaiarena. Kultur gobernantzan parte hartzeko eskubidearen haritik, Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeak Oiartzungo Kultura Mahaiaren izana eta datozen hamar urteetarako plangintza osatzeko egin den parte hartze prozesua azaldu ditu.
Herriko Kultura Mahaia Oiartzun Burujabe proiektuaren baitan kokatzen da, egungo garapen ereduaz hausnartzea eta aldaketarako pausoak ematea helburu dituen herri egitasmo batean, alegia. Bost lan ildotan banatzen da berau: energia, zaintza, elikadura, euskara eta kulturartekotasuna, eta kultura. Bakoitzak bere mahaia du, eta horiek herritarrek, sektoreko eragileek eta udal ordezkariek osatzen dituzte.
Kultur eskubideak oinarri
Oiartzunek eta Oiartzungo Udalak kultur eskubideak lantzeko duten markoa Kultura Mahaia da. 2025-26 ikasturtean, Kultura Mahaiak hala bultzatuta eta Artaziak kooperatibaren laguntzarekin, eskubideen gaian sakontzeko eta ikusmolde hori sozializatzeko parte hartze prozesu bat egiteaz gain, ekarpenak jaso dituzte.
Hiru saio izan ditu prozesu horrek; lehena gaia kokatzeko saio teorikoa izan da, eta beste biak saio praktikoak izan dira. Kasu horretan, mapeo bat eta soziograma bat egin dituzte, eta bigarren saioan kultur eskubideetan oinarritzen den 2037ra arteko lan ildoen marko teorikoa eta ekintza plana definitu dituzte.
Azken dokumentu hori Kultura Mahaiaren 2026ko urteko batzarrean aurkeztu eta onartu dute, Oiartzunen hurrengo hamar urteetarako jardunaren gidalerro bihurtuz.
