"Erasotzaileak gure artean ere badaude, gure artean zaudete"
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsaldean. Gizonak interpelatu dituzte zuzenean: "Ez gara inoren irakasle. Guztia azaldu beharra dagoela ematen du".
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean oiartzuarrek ere urteroko deialdiari erantzun diote, dozenaka lagun bildu baitira gaur arratsaldean Kontzejupean, Oiartzungo Feministen Asanbladak deitutako elkarretaratzean. Isilune baten ondoren hitza hartu dute asanbladako kideek, eta zuzenean gizonezkoak interpelatu nahi izan dituzte, haiengan fokua jarriz. “Erasotzaileak gure artean ere badaude, gure artean zaudete”.
“Haserre gaude, haserre eta nakatuta”. Hitz hauekin hasi dute gaur arratsaldeko irakurketa. Haserre daude, “izen, istorio, eraso gehiagoren berri izan dugulako”. Indarkeria matxista kasuak ez direla “urruneko istorioak” gogorarazi dute, “gure auzoetan, herrietan, lagunartean eta gertuko ingurunetan” gertatzen baitira erasoak.
Indarkeria ez dela ausaz jasaten, eta ez dela ausaz eragiten nabarmendu nahi izan dute. “Indarkeria jasaten duena izendatu egin behar da, ez gara zenbaki hutsalak. Horiek babesteko ardura dugu, ongi ikasia dugu honezkero nola artatu, nola zaindu. Baina argi fokuak beste leku batera begira jartzeko unea da”, salatu dute. Indarkeria eragiten duena seinalatu behar dela erantsi dute, “jasaten duenak babesteko dugun bezain besteko ardura baitugu erasotzaileak gelditzekoa, dagokien lekuan jartzekoa eta behar denetan, eremutik kanporatzekoa”. Zentzu horretan, emakumeek egiturazko indarkeria pairatzen dutela esan dute: “askotariko sistemek bortizkeriaz jarduten dute gurekin, sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistatik hasi eta gizonen aliantzetara”.
Oinarrizko gauzak azaldu behar izateaz ere “nazkatuta” daudela oihukatu dute gaur. “Ez gara inoren irakasle. Guztia azaldu beharra dagoela ematen du, zuek hartu behar duzue zuen ekintzen ardura. Errespetua zer den, mugak non dauden eta jarrera eta jokabide jakin batzuk zergatik ez diren normalak edo onargarriak gogorararzi behar izateaz nazkatuta gaude”.
Ez dute aitzakia gehiagorik nahi, ezta isiltasun gehigorik ere, ezta koplizerik ere. “Ez dugu axolagabekeria gehiagorik nahi. Zuen burua zalantzan jartzea nahi dugu. Erantzukizuna hartzea. Honek zuekin zerikusirik ez duela pentsatzeari uztea. Ezin dugu beldurrez bizitzen jarraitu zuek ezer gertatuko ez balitz bezala bizi zareten bitartean. Aspertu zarete behin eta berriz guk kaleak hartzen ditugulako, baina ez zarete ohartzen gu horrela bizitzeaz nekatu garela?”.
Hitzartzea bukatzeko, indarkeriarik gabeko lurralde eta pertsonetan sinisten dutela aipatu dute asanbladako emakumeek. “Autodefentsa feministan sakontzen, boteretzen, indartzen jarraituko dugu. Saretuta gaude. Unea da desboteretzea lantzeko, maskulinitate ereduak aldatzeko, gizon izatea zer den berreraikitzeko. Guk gure bidean tinko jarraituko dugu, gorputz eta lurraldeetatik borrokan ari gara, borrokan bizi gara, emakumeon bizitzek balio dutelako eta etorkizuna feminista izango dela sinesten dugulako”
Marimoringirentzat gutunak
Gaurko mobilizazioa bukatzeko, ekintza txiki bat egin dute bertaratutakoek. Paper batzuk banatu dituzte, “Marimoringirentzat gutuna’ izenburupean, mezu anonimoak jasotzeko asmoz. Hauetan, bertaratutakoek bizi izan dituzten gertaera matxistak idatzi dituzte. Horrez gain, gertaera hauei lotutako eskaerak edo bestelakoak egin dizkiote Marimoringiri. Zaku more batean jaso dituzte guztiak, eta Gabonetan Marimoringik ikatza banatuko du, aipatu duten bezala, “dagokion tokian”.

