"Herritarrak konponbidearen parte izatera gonbidatu nahi ditugu"
Oiartzungo Udaleko EAJ eta EH Bildu taldeek adierazpen instituzionala adostu dute Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunean.
Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunean adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo Udaleko EAJ eta EH Bildu taldeek. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiei “erabateko gaitzespena” adierazi eta gaurko hitzordu eta mobilizazioekin bat egin eta herritarrak ere horietara gonbidatzeaz gain, zenbait konpromiso hartu dituzte “giza eskubideen urraketa larri honekin” amaitzeko.
Indarkeria matxisten aurrean neutraltasun egoera posiblerik ez dagoela adierazi, eta konpromisoa hartzen dutela diote prebentzioa, arreta eta erantzun egokiak eskaintzeko baliabideak areagotzen eta berdintasun politikak indartzen jarraitzeko. Era berean, azpimarratu dute guztion ardura dela “aurre egitea eta esparru ezberdinetatik aritzea, Gobernantza Feminista oinarri”.
Honela diote oharrean: “Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa larria da eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide guztiok konpromisoa hartu behar dugu. Beharrezkoa da errespetuan eta parekidetasunean oinarritutako harremanak sustatzea, egiturazkoa den indarkeria horri eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea. Indarkeria matxisten aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik”.
Lehen mailako arazoa
Indarkeria matxista “lehen mailako arazoa” da gure gizartean. Hori horrela, azpimarratu dute bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu duela bere bizitzan zehar eta gazteen artean. “Sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora, hau sistema patriarkal sendo baten ondorioa da”.
Era berean, gehitu dute analisi feministak azpimarratzen duela sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria: “Izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan. Zentzu honetan guztion ardura da aurre egitea eta esparru ezberdinetatik aritzea, Gobernantza Feminista oinarri”.
Emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren bizikidetza eta berdintasuna kaltetzen dituen giza eskubideen urraketa dela gehitu dute gero, eta ezinbestekotzat jo emakumeek eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea, diskriminazio mota guztiei aurre egitea eta emakume guztiek beren bizitza askatasunez, segurtasunez eta duintasunez garatzeko aukera bermatzea. “Horretarako, prebentzioa, hezkuntza, kontzientziazioa eta erakundeen arteko lankidetza funtsezko tresnak dira”.
Oiartzungo Udaletik oiartzuar guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dute emakumeen aurkako indarkeria matxisten edozein adierazpenen aurrean jarduteko. “Herritarrak jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera gonbidatu nahi ditugu, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik egin ahal izango baitugu aurrera jendarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz”.
Oiartzungo Udalak hartu dituen konpromisoak
-
-
Indarkeria matxistak jasan dituzten emakumeak eta haurrak artatzeko indarkeria matxisten aurkako plan integrala sortu eta garatzea.
-
Indarkeria matxistak jasan dituzten emakumeentzako Oarsoaldeko autolaguntza zerbitzua eskaintzen jarraitzea.
-
Aurten indartu dugun emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzua eskaintzen jarraitzea.
-
Indarkeria matxistaren aurkako udal-politiken jarraipena eta ebaluazioa egitea, hartutako konpromisoen betetze-maila, eskaintzen diren baliabideen eraginkortasuna eta hobekuntza-beharrak aldizka aztertuz.
-
Xanistebanetan erasoei aurre egiteko arreta puntua eskaintzea.
-
Euskal Herrian gertatzen diren erailketa matxista kasuetan, herriko mugimendu feministak egiten duen salaketarekin bat eginez, udal eraikina salaketa espazio gisa baliatzea, puntu lila balkoian jarriz.
-
