"Anekdotikoa da kasu honetan alergia izatea"
Alaia Martin Etxebestek eta Udane Ansa Iragorrik alergiadun haur baten bizipenak bildu dituzte 'Mimuk' liburuan. Dagoeneko salgai dago liburua.
Alaia Martin eta Udane Ansa, Labore Oarson liburua aurkeztu aurretik. L. Perlines Durangoko Azokak Oiartzunen hartu du lur. Abenduaren 4tik 8ra kultura izango da nagusi Durangon, baina zientoka hitzorduren atarian Zu Non Han DA! egitasmoarekin zenbait argitalpen berriren aurkezpenak egiten ari dira Euskal Herriko herri askotan, tartean, Oiartzunen.
Alaia Martin Etxebestek eta Udane Ansa Iragorrik Mimuk album ilustratua ondu dute. Orain egun batzuk egin zuten lehen aurkezpena, eta berriki Oiartzungo Labore Oarson ere izan dira 1545 argitaletxeak argitaratu duen liburuaren inguruko azalpenak ematen. Aurretik egindako Puf lanak eraman ditu berriz eskutik lan egitera, eta oraingoan alergiadun haur baten bizipenak jaso dituzte Mimuk liburuan. Urrats dendan eros daiteke lana.
Nondik dator elkarlana?
Alaia Martin Etxebeste: Lehendik ere elkar ezagutzen genuen, eta Puf lanaren haritik elkar ezagutza edo konfiantza hori areagotu zen. Asko gustatzen zait Udaneren [Ansa] lan egiteko era, eta oso ongi harrapatu zuen Puf-en ere testuen atzean zegoen hori.
Gure etxeko umeetatik bik alergiak dituzte oso txikitatik elikagai batzuekiko, eta hasiera hartan nahiko galduta ibili ginen etxean hori nola bideratu eta kudeatu jakiteko orduan.
Hortaz, zure bizipenak dira lanaren oinarria.
Martin: Alergiekin bizitzeak etiketa guztiak irakurtzera eramaten zaitu, baita parke batera joan eta begiratzera ea lurrean zerbait dagoen haurrak jolasten hasi aurretik… Buruan behin baino gehiagotan izan nuen alergia duen ume bat ipuin batean irudikatzeko ideia, batez ere etxeko umeek izan zezaten beraien bizitzako fase edo urte hauen oroitzapen hori. Hala ere, edozein umek ispilu bat izan zezan nahi nuen, senti dezala ez dela alergia duen haur bakarra. Uste dut umeek gehien behar dutena ikusiak izatea dela, baina baita beraiek ere ikustea beraien antzeko norbait edo zerbait-edo badagoela.
Mimuk oso prozesu trentzatua izan da, oso elkarlanean egindakoa, eta hasieratik bukaerara oso batera pentsatua. Hasierako ipuin pedagogiko edo nolabaiteko manual izateko intentzio horretatik oso ezberdina den zerbaitera iritsi da. Askoz jolastiagoa eta anekdotikoagoa da kasu honetan alergia izate hori.
Udane Ansa Iragorri: Alaiarena [Martin] zen kezka, berea zen bizipena, baina ez zeukan formarik ideiak. Denbora dezente pasa genuen ipuin eta bide ezberdinak pentsatzen… Hona iritsi arte milaka aukera zeuden. Beldurretik izan zitekeen kontakizuna, kontuz ibiltzetik, umoretik baina pasa gabe… Nondik jo erabakitzeko duda asko eduki genituen.
Ezagutzen ditut, besteak beste, alergiadun umeak, baina ez da berdina etxean izatea eta kezka hori barrutik bizitzea. Horregatik, zentzu hori berak ematea nahi nuen; alegia, Alaiak argi izatea zein norabide hartu nahi zuen. Nire lana gehiago izan da kontakizun horri zein itxura eman nahi genion pentsatzea.
Nolakoa da haur bati begirako lan bat egitea?
Martin: Bion kasuan pultsio bat dago, ilusio sortzaile bat. Zerbait sentiarazteko asmo bat du liburuak, ez da bizipen zehatz baten kontaketa bat. Ez da manual bat, istorio jolasti bat baizik. Umeek badute halako pentsamolde magiko eta zabal bat. Askotariko umeak daude, badira gauzei mila eta bat buelta ematen dizkioten umeak, galdera asko dauzkatenak, gure buruetan kabitzen ez diren galderak dauzkatenak, beren bizitzetan kabitzen ez diren umeak….. Horiei denei aterki bat emateko helburuarekin egin dugu.
Ez dakit haurrek txiste guztiak eta atzean dagoen intentzio hori ulertuko duten, baina sinistuta nago dena ez dela ulertu behar.
Ansa: Album ilustratuek ipuinek ez daukaten magia eta jolasa dituzte. Irudia eta testua elkarrekin ulertzen dira. Haur batzuk ulertzen dute gauza bat eta heldu batzuk beste bat, eta hori da albumen alde politena.
Nondik dator izenburua?
Martin: Kafe, infusio eta pintxo mordo bat hartu ditugu prozesu honetan zehar, eta gehienak hizketarako izan dira, kokatzeko eta tonua bilatzeko hain justu. Bi ideia nagusi izan genituen, bi proiektu posible gauza berari buruz hitz egiteko, baina azkenenean proiektuak berak hartu zuen izena: Mimuk.
Pandaren kontzeptua geneukan, eta izenaren sonoritateari begira momentu batean adibidea jartzeko Mimuk atera zen. Gainera badago keinutxo bat mimoaren kontzeptuari, eta oiartzueraz zentzu bikoitza du.
Ansa: Ez zen hori helburua baina hala hartu du, eta Mimuk bada goxatzeko gogoa ematen duen ume bat, mimoak emateko gogoa pizten duen ume bat da.
Ia bi urteren ondoren esku artean duzue liburua. Donostian eta Oiartzunen aurkeztu ondotik, Durangoko Azokan ere izango da Mimuk.
Ansa: Hori da. 1545 argitaletxearen postuan egongo da. Abenduaren 7an, gainera, Saguganbaran Dorleta Kortazarrek Mimuken ipuin kontaketa egingo du, eta gu entzutera joango gara.
Jaso duzue feedback-ik?
Martin: Niri bi zentzutako feedback-a etorri zait: batzuk esan didate haur batzuei asko gustatzen zaiela eta grazia egiten diela, eta beste batzuk triste jartzen direla. Hala ere uste dut umeek tristurarekin edota enpatiarekin konektatzea ona dela, bizipenak ez baitira soilik pozetik eta euforiatik iristen.
