"Isilarazi nahi dutena ozen oihukatzen ari gara"

Faxismoa zokoratu eta probokazioetan ez erortzeko deia

Dozenaka herritarrek argazkia egin dute Iztieta auzoko Diputazio plazan herriaren izaera antifaxista agerian uzteko. Espainiako eskuin muturreko Vox alderdiak informazio mahaia jarriko du gaur arratsaldean plaza horretan bertan.

Faxismoari atea itxi dio Errenteria-Oreretak.

Errenteria-Oreretaren izaera antifaxista agerian jartzeko herri argazkia egin zuten atzo dozenaka herritarrek. Iztieta auzoko Diputazio plazan egin zuten argazkia ikurrina, LGTBIQ+ eskubideen aldeko bandera, eta Palestinako bandera erraldoiak aurrean zituztela; gaur arratsaldean 16:00etatik 19:00etara Espainiako eskuin muturreko Vox alderdiak informazio mahaia jarriko duela bertan zabaldu du sare sozialen bidez. 

Argazkira Orereta/Errenteria Herri Ekimenak deitu zuen atzo eta mezu argia zabaldu zuen, “Vox edo faxismoaren edozein adierazpen gutxiesteko eta probokazioetan ez erortzeko eskatzen dugu. Hauteskunde kanpainan datoz eta aintzat hartu testuinguru horretan legea zorrotzagoa dela. Ez diezaiegun eman bilatzen duten argazkia. Gure herrian eta bizitzetan hutsalak izaten jarrai dezatela”.

Atzo aurrera pausua emateko bildu ziren herritarrak “internazional erreakzionarioaren aurrean urratsa egiteko”. Agenda horren eraginez eskuineranzko desplazamendua  ematen ari dela munduan jarri zuten agerian atzoko elkarretaratzean, “Brasil eta Ameriketako Estatu Batuetan erreakzioari aurre egiteko mugimenduak izan dira; aldaketa horiek argi izpia dira eskuinetik eragiten ari diren inboluzioari erantzuteko”. Itxaropena bai baina egunerokoaz aldendu gabe herri ekimena, oinak lurrean jarrita, “errealitatea kritikoa da”.

Euskal Herrian eragina izaten ari dela  eskuin muturraren indartzea jarri zuten agerian, “eskuin muturraren hazkundea ez da antolatua eta egitaratua gurean, eragite ahalmena marjinala da”. Euskal herrian joera erreakzionarioak sumatu sumatzen direla  aitortu zuten ordea, “balio atzerakoiak zabaltzen ari dira gurean eta gai batzuen bueltan eskuin muturrak ezartzen dituen mezuak euskal jendartean barneratzen ari dira”.

Gernikari aipamena atzoko faxismoaren kontrako erakustaldian, ezinbestean, “Gernikako errautsetatik biziberritu den  herria da Euskal herria. Garaiko faxistek suntsitu nahi izan zuten herria da gurea; nortasuna ukatu, euskara ikasi eta erabiltzea debekatu,  emakumeok menpeko bizitzetara kondenatu, sexu eta identitate disidenteak ukatu. Zapalkuntzaren aurrean altxa zen herria ere bada gurea. Borrokaren bidez  langileontzat eskubideak irabazi zituena, jatorri ezberdinak batu zituena herrigintzari bultzada emanez, emakumeon eskubideen alde borrokatu zena, euskarari bultzada eman ziona, Francisen—Vicente Vadillo Santamaria— erailketaren aurrean altxa zena. Larrutik ordaindu genuen, baina hemen gaude”.

Vox alderdiko “faxistak” urteetan borrokaren bidez herri gisa irabazitakoa eskubideak kentzera datozela ozen salatu zuten, nazio izaera ukatu, euskara zokoratu, langileen eskubideak murriztu, emakumeen eskubide oinarrizkoenak ezabatu, bizitza berri baten bila heldutako migranteak kanporatu, LGTBIQ+ eskubideak  ukatu eta klima larrialdia ukatzera datozela ere salatu zuten: “pauso bat atzera ematea nahi dute, baina gu aurrera goaz; pausu bat aurrera  eskubideen eta askatasunaren alde”.  herriaren alde elkarrekin eragitera deitu zuten bukatzeko, “eskubide eta askatasun gehiagoren alde lerrokatuz, oldarraldi faxistari ateak itxiko dizkiogu”.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.