Zauriek irekita jarraitzen dutelako
Kattin Txiki elkarteak 'Faxisten estatu kolpetik 90 urte. Oiartzun 1936-2026' egitasmoari emango dio hasiera gaur, 19:00etan.
Kattin Txiki elkarteak Faxisten estatu kolpetik 90 urte. Oiartzun 1936-2026 egitaraua ondu du, eta gaur bertan emango diote hasiera Oiartzun Irratiarekin batera egingo duten irratsaioarekin. Egiyan Xurrian saioa zuzenean egingo dute 19:00etan, Arizmendienean, eta larunbatean Iragorriko hilerrian aurkitutakoan erakusketa inauguratuko dute. Arizmendienean bertan egongo da abenduaren 13ra bitartean, eta azkenik, egun horretan, Iragana ez iragan ekitaldi politikoa egingo dute Iragorriko hilerrian, 11:30ean.
Elkarteko Ramon Gaztelumendik eman ditu xehetasunak, eta kontatu duela 90 urte faxistek zenbait pertsona fusilatu eta gorde nahi izan zituztela bertan. “Hortaz, bortxazko desagertuak dira, izan ere beraien helburua inork jende hori ez aurkitzea eta mendian usteltzen uztea zen. Familiatik eta herritik kanpo utzi nahi zituzten”.

Kattin Txikiren erakusketaren irudi bat.
Kattin Txikik Aranzadirekin batera bi zulotan zeuden gorpuzkinak aurkitu eta hilerrira eraman zituen. Gaztelumendi: “Gerra memoriaren basoa egin dugu, eta inork joan nahi bazuen ere kartel batzuk jarri genituen”.
Omenaldi bat
Hori horrela, 90 urte geroago omenaldi bat egitea pentsatu dute: “Guztiaren atzean dagoen historia oso perbertsoa da. Metodo oso ankerrak erabili zituzten, eta horretarako bortxazko desagertuen figura sortu zuten. Fusilatzeaz gain gorputzak ezkutatu zituzten familiak eta herriak aurkitu ez ditzaten. Hamabi oiartzuar daude tartean, eta senitartekoak bila ari dira”.
Hala ere, Kattin Txikikoak jakinarazi du badakitela beste 110 pertsona fusilatu zituztela hilerrian, eta hilerriaren paretaren kontra egin zuten zuloan sartu zituztela. “Errepresioa oso bortitza izan zen, eta guk 90 urteren ondoren faxistek eragindako bortxazko desagertuen zauriak irekita daudela adieraezi nahi dugu”, gehitu du.
Azkenik, hauteskundeen atariko mezua ere helarazi du: “Gaur egun faxista demokratak ere badaude, eta salatu nahi dugu garai bateko ideologia gaur egun ere mantentzen dela. Guk nahi duguna da benetako justizia, benetako egia eta benetako erreparazioa egotea ”.
