Auzo batzarren balorazio positiboa egin du udal gobernu taldeak
167 herritarrek hartu dute parte bileretan, eta horietatik %20 bizilagun berriak izan dira. Aktak ikusgai daude udalaren webgunean.
Oiartzungo udal gobernu taldea urrian eta azaroan auzoz auzo batzarrak egiten ibili da, eta 167 herritarrek hartu dute parte hitzordu horietan. Are, nabarmendu dute inoizko kopuru handiena izan dela aurtengoa, emakumeak gizonezkoak baino zertxobait gehiago direla, eta parte hartzaileek %98a 30 urte edo gehiagoko izan dela.
Ildo horretatik, auzo batzarren balorazio positiboa egin du udal gobernuak: “Arrakastatsuak izan dira saioak inoizko herritar kopuru handienak parte hartu duelako eta horien artean berriak %20a izan direlako. Udalak eskerrak eman nahi dizkie auzo batzarretan parte hartu duten oiartzuar denei, eta adierazi nahi du ahalegina egiten jarraituko duela auzo batzarretan ahal hainbat herritar biltzeko eta ahalik eta parte hartzaileenak izateko”.
Herritarrak informatu eta beren ekarpenak jasotzeko asmoz, 2026an egindako lanen xehetasunen eta egikaritze maila ekonomiko zein exekutiboaren berri eman da auzo batzarretan. Gainera, 2027rako eginkizun eta asmo nagusien zerrenda azaldu eta 2027ko aurrekontuaren proposamena azaldu dituzte. Auzo bakoitzeko gaiak ere landu dituzte.
Aurrekontua doitzeko ekarpenak
Auzo batzarretan egiten diren ekarpenak kontuan izan dituzte, eta hurrengo urteko aurrekontua doitu eta osatzeko, aurrekontu hori azaroaren amaieran udalbatzarrekin pasa aurretik. “Lekuan lekuko ikuspegitik egindako ekarpenak osagarriak eta beharrezkoak dira udal aurrekonturako eta gobernu taldeak guztiak eskertu nahi ditu”, diote.
Azkenik, nabarmendu dute “inbertsio handirik behar ez duten auzoetako hainbat lan eta hobekuntza txikiren proposamenak” datozen hilabeteetan aztertzen dela, eta hala dagokionean burutzen joango direla.
