EUSKARAREN EGUNA

Herri euskaldunago baten alde, Oiartzungo EHE

Euskal Herrian Euskaraz taldea sortu dute Oiartzunen, eta, besteak beste, egoera erdaldunak identifikatu, salatu eta esku hartu nahi dute. Abendurako antolatutako ekintzen berri eman du Joseba Bert Oiartzun taldekideak.

Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz taldearen pankarta bat. EHE

Izar bat jaio da Oiartzunen. Lehendik herrian bizirik zegoen altxor bat zaintzeko sortu da, hura argiztatu eta luzean bizirik iraun dezan lanean ari dena. Are, inoiz galzorian egon ez dadin egiten ditu esku hartzeak. Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz da aipatutako izarra, eta altxorra, euskara. 

Urte hasieran, martxoaren bueltan eman zituen taldeak lehen zantzuak Instagramen kontua zabaldu zutenean –@oiartzungoehe–, eta gerora sortu zuten WhatsAppeko komunitatea. Lehen ere egon zen talde hori martxan herrian, baina zenbait arrazoi tarteko, militantzia amaitu zuten. Orain, baina, “ilusio eta indar askorekin” sortu dute taldea. Hala kontatu du Joseba Bert Oiartzun taldekideak. “Beharrezkoa iruditzen zitzaigun Oiartzun bezalako herri euskaldun batean eta horrenbesteko nortasuna duen herri batean gazteak zorrotz jartzea euskarari dagokionean”.

Azalberrituta dagoen taldeak ez du ibilbide handirik oraindik, baina ez dira geldirik egon, taldearen beraren berri eman dutenetik jarduera mordoa egin baitituzte. Bertek zerrendatu ditu horiek, eta aipatu, besteak beste, Aritz Ibarra idazlearen Deiadarra liburuaren aurkezpena, Xanistebanetan antolatu zuten bertso lehiaketa edota baita errepide ondoko karteletan egindako ezabaketak ere. Parrandan zein musika entzuten den ere galdetu du Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz taldeak “kontzientzia pizteko”.

Euskarak lehentasuna izan dezan
Datuei erreparatuta, 2026ko azaroaren 12an Oiartzunen 10.618 pertsona zeuden erroldatuta, eta Eustatek 2021ean egindako inkesta baten arabera, %76,1 dira euskal hiztunak. Erakunde berak urte berean egindako beste galdeketa baten ondorioa da; aldiz, euskararen etxeko erabilera %41,7koa da. Soziolinguistika Klusterrak kale azterketa egin zuen duela bost urte, eta horren arabera, %53,3koa da kale erabilera.

Datuak ez dira makalak, baina hala eta guztiz ere, herriak «oso ondo» hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldea Oiartzunen. “Jendea gerturatu zaigu esatera faltan botatzen zutela soilik euskaran zentratzen zen eragile bat izatea”, kontatu du Bertek.

Datorren ostegunean abenduaren 3a da, Euskararen Eguna alegia, eta talde eragilea prest da egun seinalatu horretarako. Egunero eta etengabe ari da Euskal Herrian Euskaraz euskararen alde lanean, baina kaleak hartu nahi dituzte egun horretan euren aldarrikapenak oihartzuna izan dezan.

Euskararen Eguna, egun handia
Abenduan hiru data edo hitzordu garrantzitsu dituzte euskaltzaleek eta euskararen aldeko mugimenduak, eta noski, datorren ostegunekoa (abenduak 3) da lehena. 18:00etan Doneztebe plazan elkartuko dira, eta irakurketa baten ondotik herri argazkia aterako dute. Jarraian bertso poteoa egingo dute, eta tabernaz taberna joango dira bertsolari batzuen konpainian.

Abenduaren 5a ere ez da edozein egun izango, Euskal Herrian Euskaraz-eko talde nazionalak manifestazio bat antolatu baitu Durangon. “Bertan faxismoari eta eskuin muturrari euskaraz egingo diogula aurre aldarrikatuko dugu”, jarraitu du oiartzuarrak. Deialdi horrekin 50 eragilek baino gehiagok egin dute bat, eta Oiartzundik autobus bat ari dira antolatzen indarrak batzeko. 11:00ak aldera irtengo da autobusa, eta iluntzean, zortziak aldera itzultzea aurreikusi dute antolatzaileek. Zerbitzu hori erabili nahi duenak izena eman behar du Instagram edota WhatsApp bidez taldekideekin harremanetan jarrita.

Azkenik, abenduaren 15a nabarmendu du Bertek. Izan ere, aurten 40 urte beteko dira Nafarroa Garaian Vascuencearen Legea onartu zela: “Euskal Herrian Euskaraz-etik uste dugu lege zapaltzaile bat dela, Nafarroa gehiago zatitzen duen legea dela, eta euskaldunak bigarren mailako herritar bezala tratatzen dituela eremu batzuetan behintzat”.

Efemeridea probestuz, EHEk mobilizazioak antolatu ditu nazio mailan, “Euskal Herri guztian euskarari lehentasuna emango dio ofizialtasun bat aldarrikatzeko”. Mobilizazioen ondotik, 19:00etan, denek batera Euskal Herrian euskaraz kantua abestuko dela aurreratu du Bertek.

Euskal Herrian Euskaraz taldeko partaidea pozik da Oiartzun “nahiko herri euskalduna” delako eta “bizitza euskaraz egin nahi duenak horretarako aukera badaukalako”, baina ez erlaxatzeko deia egin du. “Eremu erdaldunenak euskalduntzen joan behar dugu. Euskal Herri independente eta euskaldun baten alde jarraituko dugu lanean”.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.