Hizkuntza bat, hamaika plan

Abenduak 3ko Euskararen Egunaren harira, Lezoko Oroitzene euskaltegiak askotariko ekintzak antolatu ditu astelehenetik hasita.

Iazko Euskararen Egunaren argazki bat. OARSOALDEKO HITZA

Hasi da atzera kontaketa abenduaren 3ko Euskararen Egunarentzat. Datorren ostegunean da egun handia, baina aurreko egunetatik gozatu ahalko da. Izan ere, Lezoko Oroitzene AEK Euskaltegiak hainbat ekintza antolatu ditu, udalarekin eta beste hainbat elkarterekin elkarlanean. 

Astelehenetik asteazkenera, azaroaren 30etik abenduaren 4ra, AEKk Atsotitz lehiaketa egingo du. Asteartean, abenduaren 1ean, udalak antolatuta, Zerbait sartu zait begian ikuskizuna taularatuko dute Gezalan, 19:00etan. Musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen spoken word edo errezitaldia da. Pertsona bakarrak interpretatzen du, eta, laburrean, egungo bizimodu azkarraz, naturarekiko deskonexioaz eta euskaraz jarduten du, betiere umoretik. Asteazkenean, abenduaren 2, familientzako tailer irekia egingo dute ludotekan, 17:00etan. Ludotekak, Talaia elkarteak, Hezikuntza guraso elkarteak eta Errota guraso taldeak aurrera eramandako ekintza da. 

Eta astea girotuta, abenduaren 3a iritsiko da. Goizean goizetik hasiko da egitaraua. AEKk 10:00etan Mintzodromoa egingo du, herriko plazan, eta 17:00etan txokolatada, Aiton-amonen Bordan. Musika eskolak, berriz, 17:30ean musika emanaldia emango du eskolan. Eta amaitzeko, 18:30ean Euskara, denon konpromisoa hitzaldia emango dute, Gezalan, udalaren eta UEMAren eskutik. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.