"Horrelako gertaerek ez dute lekurik gure gizartean"

Pasaiako Udalak Bilbon izandako hilketa matxista salatu du, eta seinalatu "ezinbestekoa" dela, besteak beste, prebentzioan lanean jarraitzea.

Pasaiako Udalak Bilbon izandako 34 urteko emakumearen hilketa gaitzetsi du, eta haren senide eta gertukoei elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan die gaur argitaratutako prentsa ohar bidez. Era berean, jakinarazi dute bat egiten dutela mugimendu feministak hilketa hau salatzeko deitutako mobilizazioekin.

Honela diote: “Beste hilketa honek gogorarazte digu, berriz ere, indarkeria matxista dela gure gizartean oraindik ere bizirik dirauen desberdintasun estrukturalaren adierazpenik larrienetakoa. Ez dira kasu isolatuak, emakumeek aurkako indarkeria sistematiko baten adierazpena baizik, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da erakunde, gizarte eragile eta herritarren konpromiso aktiboa”.

Ildo horretatik, udalak dio “are larriagoa” dela hilketa hori Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren biharamunean gertatu izana. “Kaleak aldarriz bete eta indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoa berretsi ondoren, beste emakume baten bizitza bortizki eten du bikote ohiak”.

Seigarren hildakoa
Euskal Herrian indarkeria matxistagatik eraildako seigarren emakumea da Bilbokoa, eta Pasaiako Udalak aho batez adierazi du emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako gaitzespenik irmoena. “Horrelako gertaerek ez dute lekurik gure gizartean, eta ezinbestekoa da prebentzioan, arreta integralean, babes sistemenetan eta berdintasunean lanean jarraitzea, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko”.

Azkenik, mugimendu feministak hilketa hau salatzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.