Irekita dago etxebizitzak birgaitzeko udalaren dirulaguntza eskatzeko epea

Hirigune Historikoan dauden edo gehienez ere hamabi pisu dituzten etxebizitzek eskatu dezakete laguntza. Abenduaren 30a bitarte egongo da irekita epea.

Kontuan hartuta herriko eraikin gehienek 50 urte baino gehiago dituztela, udalak laguntzak emango ditu horiek berrikusi eta, beharrezkoa bada, konponketak egiteko. Deialdia komunitate bateko jabeei eta higiezinen jabeei zuzenduta dago. Epea zabalik egongo da abenduaren 30era arte. 

Dirulaguntza Etxebizitza Planaren barruko hiria berritzeko estrategiaren barne laguntza da. 150.000 eurokoa da. Helburua da, besteak beste, etxebizitzen parkea mantentzea eta etxebizitza horien beraien bizigarritasuna sustatzea. Eta hala, irisgarritasun unibertsala bermatzea. Eraikinen kontserbazio-egoera eta balorazioa Eraikinen Ikuskapen Teknikoak egiten du, eta hark ondorioztatzen du obra egin beharko litzatekeen ala ez. 

Pare bat baldintza daude EITaren ikuskapena jaso eta hark baloratzen duen obra egiteko laguntza eskatzeko. Eraikinak gehienez ere hamabi etxebizitza izan behar ditu, eta Hirigune Historikoan kokatua egon behar du. Ez da derrigorrezkoak biak betetzea; bai, ordea, horietako bat, gutxienez. Baldintzak horiek izateko arrazoi nagusia da, udalaren arabera, kostua handiagoa dela bizilagun-komunitate txikietako etxebizitzetan. 

Aurten bi berrikuntza ditu laguntzak. Alde batetik, beregain hartuko ditu leihoen (kanpoko arotzeria eta beirateak) konponketak, eraikinen energia-eraginkortasuna sustatze aldera. Eta beste aldetik, etxebizitza hutsetan egin beharreko obrak ere sartuko dira laguntzaren barruan, betiere etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzaren Bizigune eta ASAP alokairu publikoko bitartekaritza programetan sartzen badira.

Dirulaguntzaren eta eskaeraren nondik-norakoak udalaren webgunean daude azalduta. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.