Euskararen eguna

Nahia eta gogoa, adinari erreparatu gabe

Aitona-Amonen Bordari eta Oroitzene AEKri esker euskara ikasteko erretiratuen taldea martxan da Lezon.

Euskara ikasle beteranoak, astelehenean, Aitona-Amonen Bordako egoitzan. 

Ez da inoiz berandu euskarara hurbiltzeko. Euskara ikasi, eta hitz egiteko. Erabiltzeko. Horren adibide garbia Lezon dago: Aitona-Amonen Bordaren eta Oroitzene AEKren elkarlanari esker, erretiratuen taldea sortu dute. Astelehen eta asteazken goizetan jasotzen dituzte eskolak Aitona-Amonen Bordaren egoitzako geletako batean, bi orduko klaseak dira. Hamar, hamabi inguru dira, «hamalau gara», esan dio Hitza-ri ikasle beteranoetako batek, pozik arraio. «Gure talde izarra da», adierazi du Oroitzeneko irakasle Aitor Galdosek. Lezoko euskararen izar dira adineko horiek.

Lehenengoz sortu dute Lezon erretiratuen taldea. Aurretik saiakerak egin ziren, baina ez zuten taldea aurrera ateratzerik izan. «AEKn helduekin lan egitera ohitura gaude. Gure lana da 16 urtetik gorakoak euskalduntzeko eskolak ematea. Beraz, erretiratu talde honekin jarraitzen dugun metodologia ez da bestelako taldeekin alderatuta oso desberdina», azaldu du Galdosek: «Talde bat gehiago da. Bai, adinari begiratuz gero ez da ohiko taldea, jakina. Baina jarduteko era, ikasleen gustu eta nahiak, beste taldeetako kideen antzekoak dira».

Irakasleak nabarmendu du gogo bereziz joaten direla astelehen eta asteazkenetan Aitona-Amonen Bordako eskoletara. «Umore onarekin datoz, lan egiteko gogoa dute. Giro oso ona dago. Hori da politena niretzat, giro ona dagoenean edozer gauza egin daitekeelako». Galdos izan zen astelehenean erretiratuei eskolak ematen, baina nolabait esateko ordezko irakaslea da hura; titularra Edurne Lizarazu da.

AEKren ezaugarrietakoa da eskola orduetatik at planak, jarduerak eta bestelakoak egitea. Beteranoen taldekoek kanpora begirako ekintzak egingo dituztela iragarri du irakasleak. «Inoiz ez da berandu euskara ikasteko. Hemen dugu adibidea».

Ikasleak, pozarren
Txiki samar gelditu zaie ikasgela euskara ikasle beteranoei. Agian, ez erretiratuen elkarteko kideek ez eta euskaltegikoek ez zuten espero hainbesteko arrakasta izatea helduenen taldeak. Baina mahai eta aulki artean estu izan arren, den-denen aurpegiak ezaugarri komuna du: irribarrea. Pozik ari dira urri hasieratik euskara eskolak jasotzen. Mahaien gainean liburuak, hiztegiak, fitxak, arkatzak eta borragomak dituzte. Sakelako telefonorik ez da existitzen han. Agian garai bateko eskola orduak oroitarazteko ariketa kolektiboa ari da izaten hamalaukote horrentzako Aitona-Amonen Bordaren eta Oroitzene AEKren arteko elkarlanetik sortu den iniziatiba. Baina taldekideen eskola garaietatik hauetara bada alde nabarmen bat: ikasle izan zirenean ezin izan zuten euskarazko ikastetarik egin.

Denen euskara maila ez da berbera. Batzuk egokiago moldatzen dira, besteak ez hainbeste. Baina duten giro onaren gakoetako bat da irakasleak esandakoak adi-adi jarraitzeaz gainera, elkar laguntzen dutela. Ines Tobias da taldekideetako bat. «Beti izan dut barruan euskara ikasteko grina. Nire semeek badakite, eta ni neu lanean ere hasi nintzen eskolekin. Orain, jubilatu naizela, dudan denbora baliatu nahi dut euskara ikasteko. Maila ezberdineko jendea gaude, eta batak bestea laguntzeko joera du». Irakasleekin oso gustura daudela azaldu du Tobiasek. «Edurne [Lizarazu] irakaslea oso lasaia da. Hori ondo datorkigu, batzuetan maiz azaldu behar dizkigulako gauzak», esan du barrezka. Adierazi du euskaraz mingaina askatzera atrebitzen dela, baina ez beti: «Talde txikietan hasten naiz euskaraz; jende asko dagoenean, tira…».

Gurutze Porruarentzat egiteke zuen gauza da euskara ikastea. Gustura ari da hura ere sortu berri den taldean. Hitza-rekin aske hasi da euskaraz. «Urteetako arantza zen niretzat euskararena. Nire kabuz ikasten joan naiz, ahal nuen moduan. Alabek eta bilobek euskaraz dakite, baina egia esan, haiekin euskaraz hitz egiten hasten nintzenean barrezka-eta hasten ziren, esaten nituen astakeriengatik». Orain, eskoletan dela, bidelagun ditu senide horiek, laguntzaile, harro daude. «Giro ederra dugu. Sekulako harremana egin dugu, eta elkar laguntzeko prest gaude denak». Jada mingaina askatzen hasi da Porrua, eta pasadizo baten berri eman du: «Botikara joan, eta barra-barra euskaraz mintzatzen hasi nintzaion bertako langileari. Gaztea izan arren, euskaraz ez zekiela esan zidan… ». Hala, neurri batean herriko erretiratuak ere euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egiteko eragile izan daitezke, Porruak azaldu duelako eskola orduetatik kanpo, ikaskideen artean eta edonon hasi direlako euskarazko harremanak egiten.

Xabier Dorronsoro da Aitona-Amonen Bordako lehendakaria. Axun Carcedo zuzendaritza batzordeko kideak azaldu du haren ekimenez sortu zela adinekoen taldea osatzeko ideia, hura besteak beste AEK-ko ikasle baita, eta erretiratuen topagunea sortzeko ahalegina egitea merezi zuela otu zitzaion. Bada, aurten lortu dute. Taldekideen artean Lezoko erretiratuen elkarguneko zuzendaritza batzordeko hainbat kide daude. Datua: gehienak emakume dira.

Aitortza
Lezoko Euskararen Eguneko egitarauaren barruan, abenduaren 3an bertan ekitaldi berezia egingo du Lezoko Udalak Gezala Auditoriumean, 18:30ean hasita. Euskara ikasi dutenei, ikasten ari direnei, eta euskararekin konpromisoa duten norbanako eta eragileei aitortza egingo diete. Herriko erretiratu euskaltzaleak ere han izango dira. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) Esnatu dinamikaren berri ere emango dute han.

Erlazionatutako edukiaHizkuntza bat, hamaika plan
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.