'Lutxi eta zuhaitza' dokumentala emango dute Oiartzunen eta Errenterian

'Lutxi' Urigoitia etakidearen istorioaren inguruko filma da. Gaur emango dute Landetxen, 19:30ean. Astelehenean, berriz, Niessenen proiektatuko dute, 19:00etan.

'Lutxi eta Zuhaitza' filmaketako argazki bat. Zigor Garro

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu ostean, herriz herri eta aretoz areto ari dira eramaten Lander Garro zinemagilearen Lutxi eta zuhaitza dokumentala. Asteburuan Oarsoaldearen txanda izango da. Gaur, hilak 27, Oiartzungo Landetxe aretoan proiektatuko dute, 19:30ean. Filma emateaz gain, zuzendariarekin solasaldia egingo dute. Astelehenean, berriz, hilak 30, Errenteriako Niessen Zinemetan emango dute, 19:00etan, Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren V. Jaialdiaren barruan. 

Dokumentalak Luzia Urigoitia Ajuria Lutxi otxandioar etakidearen desagerpena eta hilketa ditu hizpide. 1987an hil zuen Guardia Zibilak, Trintxerpen. Haren istorioa eraikitzeko, zuzendaria familiarekin, kazetariekin, mediku forentseekin eta abokatuekin elkartu da. Dokumentalak zati erreala du, elkarrizketekin osatua, baina baita fikziozko zatia ere. Olaia Aguayo aktoreak egiten du bere rola.

Dena den, ez da Lutxi-ren biografiaren dokumental soila. Haren istorioa abiapuntutzat hartuta, Garrok “memoria ariketa bat” egin nahi izan duela adierazi du hainbatetan. Hala, Urigoitiaren memoria berreskuratzeaz gain, dokumentalak memoria historiko eta politikoaren inguruko hausnarketa egiten du, aztergai izanik nola uztartzen diren boterea eta memoria. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.