Motorrak berotzen urteko azken lasterketarako

Zabalik dago San Silbestrean izena emateko epea. Urtero bezala, bi modalitate egongo dira: 3,5 km eta 7km.

Hilabete eskas besterik ez da falta urteko azken lasterketarako, abenduaren 31ko San Silbestrerako. CAR Errenteriako Atletismo Taldea jada lanean dabil dena prest izateko egun horretarako. Langa altua jarri dute: 1600 dortsal saldu nahiko lituzkete. Horietatik 400 geratzen dira. Dortsala erosteko azken eguna abenduaren 28a da. 

Beti bezala, bi modalitate izango dira, 3,5km-koa eta 7km-koa. Txikientzako aukera ere izango da, 1km-ekoarekin. Dortsalak erosteko Errenteriako Atletismo Taldearen webgunetik egin behar da, estekan klik eginda. Behin erosita, dortsalak Galtzarabordako kiroldegian jaso ahal izango dira, abenduaren 30ean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta abenduaren 31ean, 10:00etatik 13:00etara. 

Antolatzaileek azpimarratu dute jai giroan egiten den lasterketa herrikoia dela, eta beraz, ez dute sailkapen orokorrik emango. Are gehiago, mozorrorik onenaren saria emango dute. Horiek horrela, urtea giro onean amaitzeko asmoz, taldeak lasterketan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.