INDARKERIA MATXISTA

"Gizarte osoaren arazoa da eta guztioi dagokigu arazoari aurre egitea"

Oiartzungo Udala osatzen duten bi alderdi politikoek "gogor gaitzetsi eta salatu" dute Bilboko erailketa matxista. Asteleheneko elkarretaratzera joateko deia egin dute.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren biharamunean mezu bortitz batekin esnatu zen Euskal Herria: 34 urteko emakume bat erail du 47 urteko bikotekide ohiak Bilbon. Etxean, labanarekin zauritu zuen gizonak emakumea lau eta sei urteko seme-alaben aurrean, eta ospitalean hil zen gero. Biktima Ertzaintzaren babespean zegoen.

Bilbokoa, aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen zazpigarren emakumea da. Erregistratutako datuei dagokionean, haatik, 2003. urtetik hona 138 emakume eta hamahiru haur erail ditu indarkeria matxistak.

Hori horrela, Oiartzungo Udala osatzen duten bi alderdi politikoek “gogor” gaitzetsi eta salatu dute Bilbon gertatutakoa, eta azpimarratu hau ez dela emakumeen arazoa soilik, “gizonena ere bada, gizarte osoaren arazoa da, eta guztioi dagokigu arazo honi aurre egitea”.

Honela diote udal ordezkariek: “Emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina”.

Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea
Bestalde, Oiartzungo Udalak gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eta nabarmendu, hilaren 25ean adierazi bezala, udaleko bi alderdietako ordezkariek konpromisoa hartzen dutela “prebentzioa, arreta eta erantzun egokiak eskaintzen baliabideak areagotzen eta berdintasun politikak indartzen jarraitzeko”.

Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea egingo du astelehenean (hilak 30) 18:30ean, Doneztebe plazan, eta udalak bertan parte hartzeaz gain herritarrak ere bertaratzera deitu ditu.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.