0 KM
HITZ HARTUAK
Gaur egun, akaso garai batean ere bai, baina gaur inolako zalantzarik gabe, gurasoak izugarri arduratzen gara gure seme-alaben ongizate orokorraz: elikadura osasuntsua, nortasunaren garapen osoa, adimena eta emozioen arteko oreka, eta zer esanik ez, dituzten ahalmen guztien garapen gorena helduaroan ahalik eta bizitza beteena izan dezaten. Hori guztia, noski, gure iritziarekin, aurre-iritziekin, usteekin, jakintzarekin, ideologiarekin eta abarrekin kontraesan ahalik eta txikiena eraginez. Ez da lan makala, haatik! Ez da harritzekoa, hortaz, etengabeko buruhausteak eta borrokak izatea seme-alaben hezte bidean.
Nolanahi ere, gizartean boladan diren balioek erreferentzia batzuk ematen dizkigute hautaketak egiteko orduan; esate baterako, batzuek gero eta garbiago daukagu, elikadurari dagokionez, bertako elikagaiak jateak zer abantaila dituen, bai ingurugirorako, bai osasunerako, eta zer esanik ez lurralde antolaketarako eta ekonomiarako. Gauza bera esan dezakegu bizi garen herrian bertan, eta ez merkataritza-gune handietan, erosketak egiteari buruz. Hori guztia garbi dugu, eta gure jokabidea beti horren araberakoa ez izan arren, garbi ikusten dugu iparra non dugun.
Zer gertatzen da, ordea, kultura-adierazpenekin? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste bertakoaren garrantzia eta interesa garbi izatea? Beste modu batera esan dezagun. Elikadura osasuntsua, ekologikoa, abereekiko errespetua, bertako ekonomia eta abar, ez dira huts-hutsean gure baitan sortutako hausnarketen ondoriozko ikuspegiak. Balio horiek ez dira gure kulturan sortu eta mamitu; aitzitik, mundu globalean, gauzen inguruko ikuspegi bakar baten alde egiten duen munduan sortuak dira, hain justu edozertarako aukera badela erakusteko, eta jakina, guk bere horretan hartzen ditugu. Merkataritzan O KM etiketa hobesten eta bultzatzen dugu, ados gaude ideia horiekin, eta gainera, supermerkatuan janariak bezala ditugu argudioak nahieran gure esku.
Kulturan, ordea, oso bestelakoak dira gauzak. Urtarrilaren 14an zortzi urte bete dira Txillardegi zendu zela, eta urtemuga inguruan, haren jarraitzaile, lagun eta familiartekoek omenaldi xume bat egiten diote Antiguako Txillardegi-Gaskoinia plazan. Euskal Herria eta euskara biziki maite zituen eta horien alde lanean eman zuen bizitzaren zati handi bat, nahiz eta ikasketaz ingeniaria izan. Haren lanaren tamaina izugarria izan da, eta horrelako ospakizun goxo eta hunkigarriez gain, ikerketan, ikasketan eta ezagutzaren transmisioan zer lan intelektual egin duen ikusita, nik uste, tokatzen dela maila jasoagoko ekitaldi bat ere.
Zer daukagu, txikitasunaren sindromea? Guk geuk ere ez al dugu sinesten lan horren balioan eta handitasunean? Abenduan, Joxe Azurmendi Kongresuan, behin eta berriro azpimarratu zuten, eta Azurmendik berak ere hala dio, jakintza ur-jauzi bat bezalakoa dela. Pentsalari batek ideia bat ekartzen du, eta horrek ondorengoen jardueran (artistikoan, literarioan zein filosofikoan) eragingo du, eta hala, ur-jauzi baten eragina izango du pentsamendu horrek. Gisa horretan, pentsalari-artistak etengabe elkar elikatzen ariko lirateke. Baina, nik diot, zer gertatzen da ur-jauzi horri presa jartzen bazaio eta ur-geldo bilakatuz ura lizuntzen bada? Zer ondore izango du horrek?
Izaki bat ahula denean, errazago gaixotzen da. Defentsaz edo indarrez eskas gabiltzanean, edozein gabezia nabarmenagoa izaten da. Horixe bera gertatzeko arriskua dugu, maiz, gurean egindako ekarpenak, ikerketak, berrikuntzak, hausnarketak eta abar txiki eta ahul jotzean. Askotan sinetsi egiten dugu benetan eskasak garela, besteenetik elikatu behar dugula, gurea ez dela aski, ez balego ere ez litzatekeela galera handirik… Baina elikadurarekin gertatzen den bezala, ez badugu ekoizpen propiorik eta duguna mugimenduan jartzen ez badugu, beti besteen esku egongo gara, beti hutsetik hasten ariko gara, egina dagoena berregiten, eta besteek zer emango diguten zain. Menpekoa izateko modu poetikoa dirudien arren, jarrera horrek ihartu egiten ditu gogoa eta pentsamendua.
Krutwigek zioen «Hitza besterik ez naiz», baina hitz bizia, hitz eragilea, gogo-bultzatzailea. Badago hari bat, eta ez da eten; txikiak, ahulak eta ezgauza izatearen sentimendua alde batera utzi, eta geure buruarenganako konfiantza berreskuratzea premiazko eginkizuna da. Gure aurreko esgile, pentsalari eta ekintzaileek dioten guztia ez dugu bere horretan onartu beharrik, ez dugu esaten duten guztiarekin ados egon beharrik; ez dago inon egia absoluturik, baina gure hizkuntza eta kultura dagokion tokian jartzeko baliabideak hor daude eta hartu egin behar ditugu. Kulturan ere, lotsarik gabe
0 KM etiketa lehenetsi behar dugu, eta gero, ekoizten ez duguna
inportatuko dugu inolako arazorik gabe.