Aire berria hatsa indartzeko
HITZ HARTUAK
Testu hau ez da berdintasunari buruzkoa; testu hau garai jakin batean bizitzeak eskaintzen dizkigun aukerei buruzkoa da.
Duela gutxi lagun batzuekin afaltzen ari ginela, berdintasunaren gaia atera zen Uxue Alberdik bertsolarien inguruan jasotako lekukotzak biltzen dituen Kontrako eztarritik liburuari buruz hasi baikinen hizketan. Konturatu orduko, laguna sutan jarri zen esanez gauzak muturrera eramaten ari zirela, ea zer den hainbeste esparrutan diskriminazio positiboa erabili beharra, nola den posible emakumearen lekukotzak sinesgarritasun handiagoa izatea gizonezkoenak baino, non ikusten ote den kristalezko sabaia eta abar. Berak, guk guztiok bezala, beti egin du berdintasunaren alde, eta, hortaz, ez du ulertzen nondik datorren hainbeste espantu. Ni lagunaren hitzekin harrituta geratu nintzen, baina are gehiago larritu ninduen elkarrizketak zenbateraino berotu zuen ikusteak.
Gaztetan pentsatzen nuen berdintasuna eskuratua zela eta, erabatekoa izateko, zerbait falta bazen zahar batzuk beren ohitura zaharrak aldatu nahi ez zituztelako zela; gainontzekoan, egina zegoela funtsezkoa. Urteak pasa ahala, ordea, ikusi dut oso urrun dagoela teorikoki hain barneratua duguna eta belaunaldi asko beharko direla, gainera, egoera aldatzeko. Begirada ez da egun batetik bestera aldatzen ahal! Hona bi adibide.
Gutxiespenezko harremanak aztertzerakoan askotan aipatzen da askatasuna. Hortaz, libreki aukeratu badugu gutxitzen gaituen portaera hori inork ezin du deus ere esan. Argudio hori erabiltzen da prostituzioaren alde aritzeko; borondatez egiten den jarduera baldin bada, eta behar bezala araututa badago, ‘arazorik ez’, dio jendeak. Baina ez gara ohartzen askatasunaren argudioaren azpian gizonezkoen sexurako beharra dagoela; hau da, esaten zaigu bikote egonkorrik edo sexu-harremanak izateko aukerarik ez duen gizonak prostituziora jo beharko duela premia hori asetzera. Horra hor lanbide horren beharrezkotasuna! Jakina, inon ez da aipatzen emakumeek sexu beharrik ba ote duten. Are okerrago, ez da galdetu ere egiten nola ote den posible gizonak baldintza horietan ematen den harremanetan bere sexu-grina asetzea eta horrekin gozatzea.
Izatearen eta ez izatearen arteko jauzian ere badira, nire ustez, aldatu beharrekoak. Hildegard Von Bingen, esate baterako, Erdi Aroan abadesa izan zen Alemaniako monasterio batean. Monasterioko buru izateaz gain, medikua, naturalista, hizkuntzalaria, musikagilea eta idazlea izan zen. Egile horrek egindako musika-lanak oso esanguratsuak diren arren, musikaren historia liburuetan nekez azaltzen da, eta aztertzen den kasuetan, salbuespen gisa lantzen da, nahiz eta haren lanak garbi erakusten duen inguruan ere behar zituela bera bezala musikan eta idazkeran zebiltzan beste emakume batzuk. Ez da posible kasu isolatua izatea.
Desberdintasunean oinarritutako historia horrek urratu gabeko bide baten berri ematen digu. Bide hori orain arteko aukeren artean ez zen ageri, asmatu egin beharko dugu nola egin, eta irudikatu ahala sortuko dugu. Horretan dabiltza generoaren inguruan pentsatzen ari direnak, adibidez. Orain arte bi generotan sailkatu izan dugu gizateria, eta etengabe aritu izan gara emakumea zer den esaten, zertan den gizonarekiko berdina edo ezberdina, ezaugarri hori biologikoa edo kulturala den eta abar.
Baina galdera eta erantzun horien bidean bestelako gorputzak agertu dira, eta bat-batean mundu berri baten aurrean jarri gaitu egoera horrek. Bitartasuna gainditzean aukerak ugaritu egin dira, pertsonen definizio eta kontzeptu mugatzaileak alde batera utzi, eta sekula pentsatu gabeko proposamena egin zaigu. Bidea ez dugu garbi ikusten, horretan hausnartzen dihardutenak ere ez daude erabat ados ikuspegi bateratua aurkezteko orduan, baina gauza bat garbi dago: askatasun aireak datoz, eta hainbat muga kultural eta sozial gainditu eta normaltasuna deiturikoaren eremua zabaltzeko aukera ematen zaigu.
Dudarik ez; horrek bizitza praktikoan ez ezik, hausnarketa mailan ere pentsamendu eta ideia interesgarriak eta sortzaileak ekarriko dizkigu. Denok ari beharko dugu horretan galduko dugunari begiratu beharrean irabaziko duguna gogoan. Ez dago atzera bueltarik!