Beltza iluna argitzen
HITZ HARTUAK
Beltza. Zuria. Gorria. Oinarrizko koloreak. Koloreentzat hiru hitz besterik ez dituzten hizkuntzek horiek izendatzen dituzte. Kolorearen izenarekin edo izen gabeziarekin lotua, maiz, mundua ulertzeko modua dugu. Esate baterako, belarra hezea edo lehorra izan da euskaraz, eta ez berdea; behiak gorriak edo pintoak; ilea urdina, eta faltsukeriatan dabilena zuria. Negua, edo mina, edo lana, edo dena delakoa gogorra denean gorria. Baina halere, eleberri beltza esaten diogu genero jakin bati. Beltz hori nolakoa den esateko orduan erabateko adostasunik ez dugu izaten askotan, baina oinarrizko ezaugarri batzuk ba omen ditu, eta horiek gizartearen hutsune, artesi edo ezinak markatzen edo seinalatzen omen dituzte.
Urtarrilari ilbeltza esan izan zaio gure inguru hauetan, eta, itxuraz behintzat, beltz izaera neguaren gorriak ematen dio. Izan ere, ez zen nolanahikoa izango urtaro horren indarra duela bi mende lur hauetan bizi ziren nekazari, abeltzain, arrantzale eta errementarientzat.
Lehengo hilabetean, (H)ilbeltza, euskal literatura beltzaren astea izan da Baztanen. Hor ere beltzari eta belztasunari buruzko hausnarketak nagusitu dira, eta horri tiraka gogoetak egin ahala, konturatu naiz funtsezko elementua bazterrekoa, ezkutukoa, sakonekoa edo muga-tokikoa izatea dela, hau da, gure pentsamendua ertzera eramaten duela, ziurtzat jotzen duguna auzitan jarri, eta errealitatearen mugak zabaldu egiten dituela.
Denok badugu gure baitan ilunetik, eta egunerokoan estaltzen eta disimulatzen ahalegindu arren, uste gutxienean hantxe agertzen da haserre, jenio bizi, pentsamendu txar, ezkutuko desio eta aitorrezineko grina gisa. Geure artean diogu joera edo portaera hori landu behar dugula, hori ez dela gure izaera eta izatearen parte, eta tranpa egiten dugu ez baitugu aitortzen gu geu osatzen eta eratzen gaituen ezinbesteko zati bat dela iluntasuna ere.
Maila pertsonaletik gizartera pasatzen garenean ez da errazagoa kontua: gerrak eta gerretako gehiegikeria aitor ezinak, gure eskoletako umeen arteko bullinga, gizartean bazterrean daudenen are eta gehiago zokoratzea, gutxitutako kulturen mespretxatzea eta abar. Hain asaldagarriak eta mingarriak zaizkigu gertakizun horiek, ezen behin eta berriz hitz ematen baitiogu geure buruari ez dela berriz horrelakorik gertatuko, hurrengoan erne harrapatuko gaituela, gizakiaren garapen morala ukaezina dela, eta horrela sinesten dugu jokabide bidegabe horiek iraganeko gauza direla edo bestela salbuespena.
Baina nork uste du, benetan, horri buruz hausnartzea aski dela gauzak hobetzeko? Eta bestearen sufrimendua benetan ulertu al daiteke? Hitzen bidez adierazten den sufrimenduak zer du ikusteko gorputzean eta ariman bizitzen denarekin? Joseba Sarrionandiaren Poesia eta iraultza olerkiak erakusten du gertakizunen eta hitzen arteko amildegia gaindiezina dela: «Zer axola zaio mutil torturatuari poeta un fingidor den?».
Pentsalari batzuek, Theodor W. Adornok adibidez, esan zuten Oświęcimekoaren (Auschwitzekoaren) ondoren arteak ez zuela gehiago zentzurik izango. Bortxa eta gizatasunaren kontrako eraso horien egileak gu bezalako gizakiak ziren, beste testuinguru eta egoera batean egonagatik. Guk, halere, ezin ditugu pertsona gisa ikusi. Guk premia dugu gizakia ez dela horrelakoa sinesteko, horrelako ekintzak eroek edo gaiztoek egiten dituztela pentsatzeko, modu horretan, haiekin izan dezakegun identifikazioa deseginda lasaiago sentitzen gara: otsoak ez du bere haragia jaten diogu geure artean.
Izan ere, gizakia gizaki egiten duena eta animalietatik bereizten duena ez da bizirauteko ezinbestekoa den hori egitea, baizik eta beharrezkoa ez duen hori beharrezko bihurtzea, hots, bizitza humanizatzen duten jardueretan aritzea. Baina, era berean, ikusten dugu pertsonak muturreko egoera bortitzetan animalia gisa heltzen diola bizitzari, bizi-beharrari, eta sufrimenduari iskin egiteko biltzen dituela indar guztiak desegin eta desagertzeko arrisku gorrian dagoenean. Biktimaren giza izaera nola, borreroaren gizatasuna ere ispilu batean bezala desagertu egiten da.
Ez da harritzekoa, hortaz, Adornok berak geroago aitortu izana artea eta giza bizitza humanoagoa egiten duten jardueren ezinbestekotasuna holokaustoa eta beste hainbat genozidio ikusi dituen munduan. Nolanahi ere, arazoa edo zailtasuna sortzen da arteak nolakoa izan behar duen erabakitzerakoan. Erabateko adostasunik izango ez badugu ere, beltzari helduta bide bat behintzat ikus dezakegu.
Behin, lagun batekin hizketan hauxe esan zidan: «Zuri gauza gogorrak irakurtzea gustatzen zaizu, nik ezin dut». Dena ederra, eta zuzena, eta polita, eta koherentea, eta argia, eta borobila dela dioten kontakizunak ez ditudala maite, hain justu, hori ez zaidalako sinesgarria. Horrek errealitatearen zati handi bat estali egiten du, ukatzeraino, eta ukazioa bera desagerrarazi. Beltza eta gogorra denak ezin gaitu lasaitu edo goxatu; deseroso sentiarazi behar gaitu, gurea ere baden iluntasuna azaleratzen baitu. Amek ez dute eleberrian Katixa Agirrek amatasunaren inguruko sentimendu, ezintasun eta desio ilun asko jartzen ditu agerian, eta baita muturreko jokabideak ere, eta horrek bihurtzen du eleberria indartsu. Belztasunak, zuritik eta argitik urrundu ahala, geure benetako izaera ezkutua argitu eta begi aurrean jartzen digu, fikzioaren bidez.
Sormena eta adierazpen artistikoa entretenigarriak izateaz gain, ezinbestekoak dira gizakiarentzat, askotan ikusi ezin duguna erakusten digulako. Xabier Letek zioen bezala ez ginen besteek uste bezain makurrak, ez guk nahi bezain zuzenak.