Gutuna: 'Agur kamarada'
Joan zaigu lagun bat, kamarada bat. Jesus Aizpurua Canas, urtetan elkarrekin izandako militantziak lagun bihurtu gintuen. ZUTIK alderdian eztabaidak, mobilizazioak, festak, bazkariak, tragoak konpartitu genituen. Geroago borrokan jarraitzeko aukera desberdinen hautua egin arren, amesten genuen mundu justuagoa lortzeko bidean jarraitu genuen guztiok. Eta beti lagun. Izan ere, egungo garaietan hain gutxietsia dagoen militantziak ekarri izan digun altxor preziatuena laguntasunarena izan da, eta elkarrengandiko irakaspenak.
Jesusengandik ikasi genuen langile mugimenduaren garrantzia, langileen eskubideen defentsa sutsua. Pasaiako Luzuriaga lantegian izandako ibilbidea duintasunaren eredu izan genuen. Bestelako aldarrikapenetan izandako ibilbidea, arrazakeriaren kontrakoa, errepublika herritar baten aldarrikapena, emakumeen askatasunaren aldekoa eta beste hainbat, ideia nagusi batek bultzatua zuen, alegia, mundu justu baten aldeko borroka, non pertsona guztiak libre izango diren. Elkarrekin egindako bideak oinetako desberdinekin izan arren.
Horregatik, azken egunera arte gure laguna eta kamarada izan dugu Jesus. Eta gure oroimenean izango dugu beti.
Osasuna eta Errepublika!
Joxemari Carrere, Oarsoaldeko Alternatibako lagunen izenean, Errenteria-Orereta