Gutuna: "Azaroaren 6an Bilbora goaz!"
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deialdia luzatu du larunbatean burutuko den manifestazioan parte hartzeko. Gure herriarentzat nahi dugun hezkuntza sistema publikoa egiteko bidean pribatizazioari eta segregazioari aurre egin eta eskola publikoa indartu, hobetu eta sendotzeko mobilizazioa izango da. Denona eta denontzat den eskola publikoa babestu nahi dugu bera delako aniztasuna, elkartasuna eta euskararen aldeko apustu argiena egiten duena, eguneroko jardunean, biharko utzi gabe nahi dugun eskola publikoa eraikitzen.
Lerro hauen bitartez zoriondu nahi ditut Euskal Eskola Publikoaren aldeko hautua egin duten familiak, langileak, instituzioak eta, bereziki, ikasleak, gure herrietako argazkia gero eta koloretsuagoa, elkartasunez betetakoa eta euskaldunagoa izan dadin egiten ari diren ahaleginagatik. Egunero arituz ikasten da, konpartituz, errespetatuz, lankidetzan, egunerokoan elkarren ondoan egon da, hori baita gure herriko jendartearen kohesioa eta elkarbizitza bermatzeko modu bakarra.
Eta oraindik hautu hau egin ez duzuenoi, animatu nahi zaituztet bide horretan lagun izatera, etorkizuna guztiona eta guztiontzat baita, Euskal Eskola Publikoa bezala.
Iñaki Izagirre Iriondo. Irakasle erretiratua. Errenteria.