Gutuna: "Bizikidetza, zeren kontura?"
Joan den maiatzean Errenteriako bizikidetza eta espazio publikoaren erabilera egokia bermatzeko ordenantzaren gainean EAJk aurkeztutako mozioari argi berdea eman zion plenoak, aldeko 20 botorekin. Erabaki horrek, eskubide politikoak nabarmen kaltetuko dituela dio Mugimendu Sozialistako kide den Iker Mitxelena Artolak HITZAra bidalitako gutunean.
Maiatzaren 26an antza oharkabean pasa zen mozio proposamen baten bozketa eraman zen aurrera Errenteriako Udal Batzordean, Errenteriako bizikidetza eta espazio publikoaren erabilera egokia bermatzeko ordenantza izenekoa.
Gertaera honek hainbat elementu politiko interesgarri uzten ditu agerian, besteak beste, alderdi politiko ezberdinen papera, eskubide politikoen murrizketak, eta azkenik, aurreikusi daitezkeen ondorioak.
Goazen hasieratik hastera. Zer bozkatu zen? Nork proposatu eta bozkatu zuen? Zein izan zen emaitza? EAJren udal taldeko zinegotziek aurkeztu zuten mozio hau. Hauen aburuz, kezkagarria da azken urteotan herriko espazio publikoaren degradazioa. Hormetako pintadak, propaganda politikoa egiteko erabiltzen diren kartel eta pankartak, edo faroletako pegatinak herrian dagoen bizikidetzarako oztopo bilakatu omen dira, baita herriaren irudia zikindu ere. EAJren proposamenak gutxi batzuk harrituko zituen; izan ere, aski ezaguna da hiri-altzarien osasunak zenbat kezkatu izan dituen beti.
Askatasun politikoa mugatzeko helburu argiarekin egindako proposamen hau bere horretan gera zitekeen beste alderdien babesik gabe. Aitzitik, proposamena aurrera atera zen aldeko 20 botoren gehiengoarekin. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Podemosek proposamena babestu zuten. Hauetako batzuk beraien burua justifikatzen saiatu ziren arren, eta ñabardura ezberdinak azpimarratu zituzten arren, proposamena aurrera atera zen beraien botoekin.
Bozkatutako proposamenean eragile eta norbanako ezberdinen eskubide politikoen bermerako benetan mehatxagarriak diren hainbat elementu azaltzen dira. Alde batetik, udala adierazpen askatasunarekiko daukan konpromisoan berresten da; beste alde batetik, ordea. herrian kartel eta pankartak jartzeko panelen inguruan hitz egiten da, hortik kanpo jarriko den propaganda kentzen dela bermatuz. Azken puntu honekin batera, proposamenean aplikatu beharreko neurri zigortzaileak eta udaltzainek eduki beharreko parte hartze aktiboa azpimarratzen dira.
Politika profesionalaren hitzen eta ekintzaren arteko distantzia historikoa agerian geratu da beste behin: adierazpen askatasuna bermatu nahi dugu, baina guk ezarritako mugen kanpo egindako pintadak, itsatsitako kartelak eta jarritako pankartak zigortuak izango dira.
Alderdi guztiek funtsean marko autoritarioa pixkanaka erosten duten honetan, kaleak aldarri politikoz betetzen dituzten norbanakoen zein eragileen eskubide politiko eta zibilak nabarmen kaltetuko dira. Pintada antifaxistak ezabatu, erasotzaileen inpunitatea seinalatzen duten pankartak kendu, palestinar herriari eta bere erresistentziari babesa adierazten dieten kartelak suntsitu; eta noski, aldarri hauek guztiak kaleetara eramaten dituzten eragile politikoak jazarri eta isunez ito, hori omen da adierazpen askatasuna bermatzea.
Bizikidetzaren izenean Oreretan historikoki egon den giro politiko eta borrokalaria apaltzea eta pixkanaka kaleak aldarri politikoz hustea izango da ondorioetako bat, politika instituzioetan zokoratuz.
Kaleek, ordea, zertarako balio dute, aldarri politikoz betetzeko ez badute balio? Espekulaziorako gune erakargarriak sortzeko? Turistentzako postaletako irudiak bilatzeko? Enpresa handien publizitatea erakusteko?
Beraz, aldarri politikoak kaleetatik atera ordez, hauek kaleetara eramateko interesa duen orori eskubide politikoen aldeko borrokara batzera deia egiten diogu.
Iker Mitxelena Artola. Mugimendu Sozialistako kidea.
