Gutuna: "Ekintzailetasuna = Anjel Mari"
Hego haizeek Hezkuntza Lege eta hiztegi berria dakartzate: helburu espezifikoa, adierazlea, pertinentzia, koherentzia, elkarrekintza, transferentzia… eta ekintzailetasuna besteren artean.
1970eko hezkuntza legearen erreformatik hasita, hamaika adierazle eta parametro, behin eta berriz, idatzi eta berridatzi ditugu irakasleok. Orri zuria hartu, Din A3an ahal dela (tamainak ikasi genituen), eta hasi: helburu orokorrak ala konpetentzia orokorrak, helburu didaktikoak, konpetentzia espezifikoak, arlokoak, orokorrak… Zenbakiak jarri, balioak eman (ponderatu diogu orain) eta orri zuria bete arte! Ondoren, zenbakiak kalkulatzen ikasi; kalkulagailuak, kalkulu orriak… eta aplikatiboak orain. Azkenean, ikasle nahiz gurasoengana iristeko, ebaluazio informeak egin, notak jarri, administraziora iraultzea egin… eta DAEa osatzera, ikasleak ea parametro bakoitza modu apalean, oinarrizkoan, egokian ala bikainean bete ote duen adierazteko.
Baina hirea egiteko ez. Hire ebaluazioa egiteko ez diat Din A3 orririk hartu; ez dizkiat konpetentziak, helburuak, adierazleak definitu, ez parametrizatu, ez eta ponderatu, ez kalifikazio-taularik ezarri. Hirea konpromisoa duk. Konpromisoa herriarekiko, konpromisoa euskararekiko, konpromisoa kulturarekiko… hire inguruko edonork baieztatuko luke. Euskal Herriko ekintzailetasuna hi haiz, Anjel Mari Elkano.
Eskerrik asko, hainbeste urtetan bidelagun izateagatik! Ea beste askorengana transferitzen haizen!
Josu Arotzena Muxika, Errenteria-Orereta