Gutuna: 'Erlijioa Eskola publikotik kanpo'
Laikotasuna elkarteko kideek erlijioa ikasgai gisa eskola publikoaren eskaintzatik kanpo gelditzeko eskatu dute gutunaren bidez. Umearen eskubidea kolokan jartzen dela diote, "eredu egokiena pertsona nahiko hazi eta hezi denean aukeratzen uztea da".
Urtarrilaren 27an hasiko da matrikulazio kanpaina Haur eta Lehen Hezkuntza eta DBHko ikastetxeetan. Gurasoek beren seme-alabak matrikulatzeko ikastetxea aukeratzen duten unea da. Hasteko, eskola publiko bat ala pribatu bat nahiago duten erabaki behar dute. Gure hautua, zalantzarik gabe, eskola publikoaren aldekoa da, eta bigarren aukeraketa baten garaia iristen da: erlijio ikasgaia bai ala ez.
Legeak hala aginduta, eta Konkordatua eta beste akordio batzuk aplikatuz, Espainiako Estatuko eskola guztiak behartuta daude erlijio-ikasgaia eskaintzera, nahiz eta matrikulatzeko orduan erlijioa edo haren ordezko ikasgaia (balio sozialak eta zibilak Lehen Hezkuntzan eta balio etikoak DBHn) jasotzeko aukera izan. Itundutako eskola pribatu askotan (funts publikoekin finantzatuak) hautatzeko aukerarik ez dagoen susmoa dugun arren, Erlijioa matrikulatzeko baldintzen artean sartzen da; hezkuntza administrazioak ez du interes handirik jartzen legea betearazteko, publikoan soilik ikuskatzen du legea betetzen den ala ez.
Hori dela eta, Laikotasuna taldetik ere zenbait puntu azaldu nahi genuke, aukera egiterakoan lagungarriak izan daitezen: Gaur egun erlijio-aukera oso txikia da eskola publikoan. 2019-2020 ikasturte honetako matrikulazio-datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan ikasleen %16,05ek soilik aukeratzen du erlijioa derrigorrezko mailetan. Mailaz maila, Haur Hezkuntzan % 85,72k ez dute aukeratu (Gipuzkoan % 92,51ek); Lehen Hezkuntzak % 82,09k ez dute aukeratu (Gipuzkoan % 90,53k); DBHn % 85,39k ez dute aukeratu (Gipuzkoan % 87,95ek). Gainera, ehuneko horiek gutxituz doaz ikasturtetik ikasturtera, eta ikasturte bakoitzean ehuneko puntu bat inguru jaisten da erlijioa irakasgaia aukeratzen duten ikasleen kopurua.
Erlijioa da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen etapan aukerazko gai bakarra. Beraz, hautatzen duten gurasoek kontuan hartu dezatela ikasturteko 40 ordu gutxi gorabehera euren semeak bere taldetik kanpo igaroko dituela. Ez dugu esango horrek kohesio arazoak sortzen dituela, baina lagundu, ez du laguntzen.
Gela bakoitzeko oso ikasle gutxi (edo bat ez) besterik ez direnez, ikastetxeen joera mailako guztiak batera jartzea da. Horrek maila guztietako ordutegi osoa baldintzatzen du, erlijio-orduak lehenengo ezartzen baitira eta gainontzekoak horren baitan banatzen dira.
Ikasleak “bizitza etikoa” ikastea beharrezkoa dela esaten digute, baino erlijio-orduetan ez dute etika ikasten, morala baizik. Batzuetan etika orokorraren aurka doan moral hori (emakumeen diskriminazioa, aniztasun afektibo-sexuala, etab.). Gainera etika irakastea ez da irakasle baten lana, irakasle guztiena, gurasoena eta gizarte osoarena baizik, eta bere oinarria giza eskubideak izan behar dira.
Adin hauetan ikasleak oraindik ez dira nahiko helduak honelako gogoeta sakona egiteko. Fededunak gurasoak dira eta umearen eskubidea kolokan jartzen da. Eredu egokiena pertsona nahiko hazi eta hezi denean aukeratzen uztea da.
Urtean 700 milioi euro baino gehiago gastatzen ditugu batzuen pribilegio hau mantentzeagatik. Bai, pribilegioa da; eskubidea balitz, guraso guztiek (ateoek barne) bere sinismenak (edo eza) bere umeei ezartzeko aukera izango lukete denon diruaren kontura. Izan ere, 700 milioi horiek denok ordaindu ditugun zergetatik ateratzen dira, baina, ez da horrelakorik gertatzen. Horrek demokrazian oinarrizkoa den berdintasuna zapuzten du.
Amaitzeko, berretsi nahi dugu beharrezkoa dela eskolak erakunde publiko gisa izan behar duen ezinbesteko izaera laikoa bermatzea, erlijio konfesionala hezkuntza-sistema ofizialetik kanpo utziz, hau da, curriculumetik eta eskola-eremutik kanpo. Eta hori lortzeko, Espainiako Gobernuari eskatzen jarraitzen dugu Espainiako Estatuak Egoitza Santuarekin (1979ko Konkordatu ospetsua) egindako akordioak salatzea eta indargabetzea, baita beste erlijio-konfesio batzuekin zentzu berean sinatutako akordioak ere.
Honengatik guztiagatik gure aholkua hauxe da: ez matrikulatu zure umea erlijioan.
Joseba Imanol Zubizarreta eta Jesus Gonzalez Laikotasuna elkartearen lehendakaria eta idazkaria, hurrenez hurren.