Gutuna: "Eskola 'publikoan' hazi eta Ikastolan hezi den alaba!"
Maialen Bengoetxea Izagirrek gutuna bidali du OARSO BIDASOKO HITZAra horiek bidaltzeko prest dagoen posta elektroniko helbidera. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak.
Eskola ‘publikoan’ hazi eta Ikastolan hezi den alaba!
Egungo Eskola Publikoan hazi naiz ni ere. Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker, ratio txikiak genituen gure geletan. Bokazioa zuten irakasleak ere izan nituen, baina, administrazioari esker, joan-etorrian ibiltzea egokitu zitzaien. Bertan ekoitzitako materialik genuenik ez dut oroitzen, hori bai, gogoan ditut, administrazioari esker, Madrildik etortzen zitzaizkigun Santillana testuliburuak. Eta jangela…bai, bertako sukaldariak genituen. Km 0 genuen guk ere, baina, errentagarriago ateratzen omen zen subkontrata bidezko catering-a kontratatzea, eta elikagaiak ere kanpotik ekartzen hasi ziren. Herrian nahiko komertzio txiki eta baratze izango ez bagenitu bezala.
Oroitzapen ona dut eskolaz, batez ere, lagunez eta bertako giroaz. Baina, ezin esan dezaket Euskal Eskola Publikoaz Harro nagoenik. Administrazioaren menpe dugun eskola hori niretzat ez baita publikoa!
Ezin dugu ahaztu Espainiar eta Frantziar estatuen menpe jarraitzen dugula, eta burujabetza falta dugun bitartean, independentzia lortzen ez dugun bitartean, ez dugula benetako Eskola Publikorik izango!Haur Hezkuntza ikasketak egin nituen, horiek ere, publikoa edo administraziopeko eskolan, EHUn. Laster iritsi zitzaidan bizitza laboralean aritzeko aukera, eta Haur Eskolan hasi nintzen lanean. Hain zuzen ere, Udala eta Ikastolaren kontzertupeko Haur Eskolan. 0-3 ziklo osoa bere osotasunean ulertu eta pedagogikoki errespetatzen duen Haur Eskolan. Hori izan zen nire habia eta nire hezkuntza bidaiaren iturburua.
Egun, ikastolako guraso naiz, eta bertan ari naiz bokazioz eta afizioz irakasle lanean. Beraz, ezin uka, nire herriko hezkuntza sistema pixka bat ezagutzen dudala.
Tamalez, nire eskola garaietatik ez dira gauzak asko aldatu. 1993ko dikotomia horretan jarraitzen baitugu oraindik ere, publikoa ala pribatua. Elkarri harrika jarraitzen dugu gaur egun ere. Baina, ez al dugu denok eredu berri bat eraiki nahi?
Ni naiz kuoten desagertzea nahi lukeen lehena. Baina Euskal Herria bere osotasunean ulertzen dut. Nola biziraungo du euskarak Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Ikastolen diru laguntzarik gabe? Elkartasun-kutxa gabe? Jairik gabe? Ez dut uste Espainiar edo Frantziar estatuak lau lurraldeetako euskararen arnasgune izateko prest daudenik.
Beraz, oraindik ere, Ikastolok biziraun behar dugula uste dut: euskaraz eta euskal kulturan hezten dugulako, euskal curriculuma ardatz dugulako, laikotasunean, hezkidetzan hezi eta publiko-herritar eredutik sortuak garelako. Eta, batez ere, nazio ikuspegia duen hezkuntza sistema bakarra garelako, zazpi lurraldeak saretzen dituen bakarrak garelako. Herrigintzatik eta herriarentzat sortu ginelako.
Biziraun, bai; bizi ala iraun? Ez baitakit noiz arte iraungo dugun horrela…
Kolpe gogorra jasaten ari gara. Batetik, administraziotik (kontzertazioak, onarpen dekretua…) eta bestetik Ikastolaren sinonimo «itunpeko ikastetxe pribatu» erabiltzen duten komunikabide horietatik ere. Honek guztiak, Ikastolen hazkundea eta bideragarritasuna mugatu ditu.
EAEko hezkuntza legea ere aipatu nahiko nuke. Zaila egiten zait hainbeste hutsune dituen akordio batetik euskal hezkuntza sistemaren aro berria irudikatzea.
Baina nik ere, beste lankide eta herritar askok bezala, hezkuntza sistema burujabe, feminista eta komunitario batean amesten dut.
Herri gisa erabakiak hartu eta aldarrikatzeko unea da. Harresiak puskatuz, elkarrekin eta elkarlanean ekiteko garaia da!
Maialen Bengoetxea Izagirre. Oiartzun.