Gutuna: "Ideologikoki perbertsoa eta ankerra"
Joxe Iriarte ‘Bikila’ oreretarrak honako iritzia bidali du HITZAra. Hemen, gutun formatuan, hark esandakoak hitzez hitz:
Z ikurra Ukrainako inbasioan parte hartzen duten ibilgailu militar errusiarren ezaugarri bat da. Alfabeto zirilikoaren parte ez den zeinu horrek zer adierazi nahi du? Badaude interpretazio bitxi samarrak, zeinen arabera, “Za Pobedu” (“garaipenaren alde”), “Za Mir” (“bakearen alde”), “Za pravdu” (“egiaren alde”), “Za Rossiyu” (“Errusiaren alde”) adieraziko lukete Z horiek.
Baina, guztien gainetik inbasioaren ikurra, eta batez ere, errusiar nazionalismo oldakorren ikurra da. Bai Ukrainian eta baita Errusian ere. Izan ere, nazi, fatxa, edo muturreko nazionalista taldeek Z idazkunak Errusiako gerraren aurkako ekintzaileen etxeetako ateetan margotzen dituzte mehatxu gisa. Bai, nazi eta fatxa errusiarrak, nahiz eta batzuentzat ukrainar lerroetan soilik omen daude gisa horietakoak.
Eta gurean, artaburu batzuk (beste izen deitoragarriagorik ez jartzeagatik) Z ikurra eta komunistena den igitaia eta mailuarena modu mehatxagarriz erabili dituzte, Ukrainar iheslariak Bizkaiko zenbait tokitan dituzten aterpe eta harrera tokietan margotuz.
Halako enpatia falta sufritzen ari diren pertsona horiekiko, halako bihotz gogortasuna zanpatuekiko, halako buru nahaste ideologikoa! Batez ere azken hau. Esan nahi baita, Z zigilu faxista eta komunismoaren ikurrak (garai batean internazionalismoaren ikurra zena modu horretan laidotuz) uztarturik, jada gorri-arrea bezala ezagutzen den degenerazio ideologikoaren emaitza da.
Joxe Iriarte ‘Bikila’. Orereta.