Gutuna: "Joxepa Antoni Aranberri Petriarena du grazia"
Hona hemen, hitzez hitz, Elixabete Perez Gazteluk HITZAra bidali duen oharra.
Joan den ostiralean Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea izena ipini zion Errenteriako Udalak elkarte batzuen topagunea izango den etxeari. Anitzenea izen sortu berriaren zuzentasun eta egokitasunak alde batera utzita, eraikinaren izen osoaren idazkeraren gaineko gogoeta hau plazaratu nahi nuke, besterik ez bada ere, (gu guztioi bezalaxe) Joxepa Antoni Aranberri Petriarenari zor diogun errespetuagatik.
Esan beharrik ez dut poztu ninduela udalaren erabakiak, horren bitartez, Joxepa Antoni Xenpelar bertsolariak irabazten baitzuen jaio, bizi eta hil zen Errenterian bere lekua guztiona den leku publikoan. Pozgarria egin zitzaidan, era berean, Joxepa Antoniri eskainitako eraikina Madalen kalean egotea, kale zahar horrexek, onerako eta txarrerako, batzen baititu xenpelartarrak: Joxepa Antoni, orain, eta lehenago, ama, Maria Luisa Petriarena Berrondo; Joxepa Antoniren ahizpa ia jaio berria, Daniela Aranberri Petriarena; eta ezagunena den Joxepa Antoniren amaren aldeko osaba, Juan Frantzisko Petriarena Berrondo Xenpelar, izan ere, kale horretako beste etxe batean, orain Xenpelar izena duen horretan, hil baitziren Joxepa Antoniren ama, ahizpa, osaba eta izeba (Joxepa Retegi, Xenpelarren emaztea). Udaleko ordezkariek aurkezpenean ongi esana hona moldatuta, esan dezagun Madalen kalea xenpelartarren kalea dugula orain, amaren, osabaren eta Joxepa Antoniren arteko solaserako kalea.
Ea lortzen dugun Joxepa Antoni Aranberri Petriarenaren izen-deiturak diren bezala erabiltzea eta topagune sortu berriaren izenetik ongi bereiztea. Irtenbide bat izan daiteke, adibidez, anitzenea delakoa beti letra xehez —eta ez nahasbidera daraman LETRA LARRIZ (Anitzenea)— idaztea; honelaxe, alegia: Joxepa Antoni Aranberri anitzenea.Elixabete Perez Gaztelu. Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar (1865-1943) liburuaren egilea.