Gutuna: "Pasaiako badiaren birgaitzea?"
Eduardo Perez Cortes antxotarrak Pasaiako birgaitzeari buruzko gogoeta egin du, eta HITZAra bidali du gutunean.
Gure erakundeek urteak daramate, ahobero hitz egiten, eta sentsibilizatuta daudela esaten, Pasaiako badiaren birgaitzearen gaiaz: Eusko Jaurlaritzak konpondu ez duen arazo handia da. Eta orain arte, zer egin da?
Txori begiz ikusita, lonja berri bat egin da aurrekoa baino handiagoa; portuan bost pabiloi berri eta Kaiko Herreran egiten ari diren beste bat; Donibanen industriagune berri bat egin zuten; zentral termikoa eraitsi egin zen eta portuak bertako kaia zabaldu egin zuen. Orain, Eusko Jaurlaritza berriz ere erasora itzuli da Lezo-Gaintxurizketa geltoki intermodalarekin: portuarekin komunikazioa indartuko du. Eta orain, Espainiako Portuen Erakundeak (Puetos Del Estado) iragarri du 23 milioi euroko inbertsioa egin nahi duela portuan: bokalearen seinalizazioan, Lezoko erretenaren sakonera eta zabalera handitzen, autoen nasa Kaputxinoetaraino zabaltzen, edukiontzien trafikoa bultzatzen (Buenavistan jarriko dituzte) eta abar. Hain justu, behar genuena.
Eskerrik asko erakundeei Pasaiako badia inguruko herritarrengan pentsatzeagatik! Baina, non daude gure erakundeak? Zertan ari dira pentsatzen? Birgaitzea, edo berrindustrializazioa?
Nahien sorta hau betetzen bada —herritarrei iseka egitea da, iraina, eta umiliaziotik gertu dago—, Pasaiako badiaren birgaitzea historiara pasako da ‘Pasaiako badiaren tragedia’ bezala.
Eduardo Perez Cortes. Pasai Antxo.