Gutuna: «Zerbitzu eta baliabide nahikoak bermatu behar ditugu Antxoko lanetan, denboraren poderioz antxotarrongan ezinegona eta frustrazioa sor ez daitezen»
EH Bildu udal taldeko zinegotzi den Mikel Garcia Peñilek Pasaiako Alkate den Izaskun Gomez Cermeño andereari topoaren obrak antxotarrei eragindako ondorioak leuntzeko zenbait neurri lehenbailehen martxan jartzeko eskatu dio.
Antxoko barrutian topoa lurperatzeko obrak hasi zirenetik, ez dago egun bat bera ere non udal- gobernuak presaka esku hartu behar ez duen, proiektuan aurreikusi ez eta antxotarren egunerokoari zuzenean eragiten dion egoeraren bat konpontzeko asmoz.
EH Bildutik argi daukagu horrelako esku-hartzeak beharrezkoak egiten dituen konplexutasuna eta iraupena duen obra bat dugula aurrean; baina, era berean, komunikazioa eta koordinazioa hobetzea gomendagarria ez ezik, beharrezkoa ere izango litzateke obra-zuzendaritzaren, antxotarron eta, nola ez, udal-gobernuaren artekoa —berau baita, neurri batean, lanek irauten duten bitartean guztia bide onetik doala zaindu beharko lukeena—.
Azken aldian Antxoko hainbat bizilagun (gurasoak, auzotarrak) hurbildu zaizkigu komentatzeko, proposatzeko eta eskatzeko geuk ere, Pasaiako Udalaren parte izanik, presioa egin dezagun obren eraginez barrutian sortutako parke eta espazio irekien defizita konpontzeko. Era berean, Gure Zumardiko parkea birkokatzea proposatu digute, lehen zuen konfigurazioa ahalik eta antzekoen izan dezan.
Une honetan dugun espazio libreen defizita kontuan hartuta, eta honek dakartzan zailtasunez jabetuta ere, egia da obra honek ez duela egun gutxi iraungo eta, beraz, udala osatzen dugunok aukerak baloratu behar ditugu zehazteko nola bermatu antxotarrei behar adina zerbitzu eta baliabide eskaintzeko, obren zurrunbiloan murgildutako denboraren joan-etorriak ezinegona, frustrazioa eta haserrea sor ez ditzan. Honek zera eskatzen du EH Bilduren ustez: udal gobernuak molde zehatz bat sartu beharko lukeela lurperatze-proiektuaren barruan herritarrei eragozpenak eta zerbitzu murrizketak leuntzeko eta, ahal den neurrian, saihesteko.
Horregatik, eta jasotako proposamenak aztertu ondoren, udal gobernuari idatziz eskatu diogu Gure Zumardiako haur parketik kendutako elementuak Biteri plazako Alkateordetzako orubean, behin-behinean jartzeko. Ildo beretik, obraren ondorioz Ibaiondon itxita geratu diren fut-pong mahaia eta saskibaloiko kanasta lekuz aldatzeko ere eskatu dugu. Eta amaitzeko, Gure Zumardian dagoen komun publikoari alternatiba bat emateko eskatu dugu, obraren eremuan itxita gelditu baita.
Antxotarrok merezi dugu duintasunez bizi ahal izatea obra hauek irauten duten bitartean, eta ekintza txiki hauek eragin nabarmena izango lukete, zinez. Gainera, ‘SOS ANTXO’ herri ekimenak hainbat gabezia ikusi ditu eta proposamenak lantzen ari da dagoeneko. Ondo baino hobeto dakigulako, den-denok, etorkizuneko Antxo desiragarri hori obra honen araberakoa izango dela, ala ezinezkoa.
Mikel Garcia Peñil. Pasaiako EH Bildu udal taldeko zinegotzia.