Gutuna: "Xenpelar bertso Eskola: norabideari eutsi, bide berriak urratzeko"
Ibilbide luze bezain oparoa du Xenpelar Bertso Eskolak. Urrats berriak egin ditu, berriki: egoitza aldaketa, izaera propioa hartuta elkarte gisa sortu, eta logo aldaketa. Urrats horien berri eman du ondoko gutunean Aitor Albistur Pulido Xenpelar Bertso Eskolako lehendakariak.
Berritasunez beteta dator udaberria Xenpelar Bertso Eskolan. Hurrengo lau urtetarako bertsolaritza eskolak emateko udal esleipena lortu berritan, irudi eta egoitza aldaketa ez ezik, nobedade gehiago ere badakartza, betiere ere 36 urtetan jarraitutako norabideari eutsita.
Hiru oinarri ditu Xenpelarrek hartutako bide berriak. Batzuk agerikoak, besteak ez hainbeste. Lehenik eta behin, bistakoa dena: egoitzaz aldatu du, Joxepa Antoni Aranberri Anitzeneara joz, 15 bat urtez aterpe izan duen Oarso eraikinetik. Hain zuzen, apirilaren 17an hasi dira eskolak Madalen kaleko egoitza berrian ematen.
Anitzenean auzo izango ditu, Badalab sortu berri den hizkuntz laborategiaz gain, Oarso eraikinean bizilagun zituen Sos Arrazakeria eta Lau Haizetara euskara elkartea. Lau Haizetarari dagokionez, bizilagun ez ezik bidaide ere izan du orain artean. Izan ere, urteotan guztiotan elkartearen parte izan da bertso eskola. Hain zuzen, beste berritasuna harreman horretatik dator. Xenpelar Bertso Eskolak izaera propioa hartuta, elkarte bezala sortu eta Lau Haizetararen parte izateari utzi dio. Azken urtetan bertso eskolak harturiko dimentsioak eraman ditu bide berriak urratzera. Eskolaren bilakaeran, beste urrats bat. Hala eta guztiz ere, harremana ez da etengo, eta elkartearen urte luzetako babesetik atera bada ere, bidelagun eta auzolankide izaten jarraituko dute bertso eskolak eta euskara elkarteak.
Urrats berri horiek irudikatzen ditu hirugarren berritasunak: sortzetik bertso eskolari irudia eman dion logoa gaurkotu egin du Ibai Maritxalar herriko artistak. Berak sortu zuen, duela 25 urte, bertso eskolaren logoa, eta orain XXI. mendera ekarri du, eskolaren nortasun berrituaren ispilu izan dadin. Lehen logo hark bertsolaritzaren hiru ardatzak zituen oinarri: bihotza, burua eta ahotsa. Hiru ardatzek X formako giza irudia zuten bizkarrezur, Xenpelar zena gogora ekarrita. Hogeitabost urte geroago, bertso eskolaren eskaintza jaso du logoa gaurkotzeko. “Nire lengoaia plastikoa aldatu da, baina ardatzari, oinarrizko hiru puntuei, eutsi diet: bihotza, garuna eta ahotsa ageri dira, baina modu eskematikoagoan, zurrunagoan”. Maritxalarrek egindako proposamen plastikoari Eneko Salaberria disenatzaileak eman dio forma. “Indarra eta dotorezia” ematen dion kolore zuri-beltzekin, Oteitzak Arantzazurako egindako apostoluei keinua ere egiten die irudi berriak.
Logo horrek biltzen ditu Xenpelar Bertso Eskolaren azal eta mami berritua. Beharrezko aldaketa, eskolak hartutako dimentsioa ikusita: egun, ehun ikasleren bueltan dabiltza, haur, gazte eta heldu. Horietatik bi heren, emakumezkoak. Ugaritasunari baino, aniztasunari erreparatu diote eskolako arduradunek. Izan ere, aurten, lehen aldiz, Errenteria-Oreretako ikastetxe guztietako ikasleen presentzia dute klaseetan. Inoiz lortu gabekoa, eta bertso eskolaren helburuak eta lanaren emaitza direna: “Euskara sustatzea, eta herrian eragitea da gure helburua. Hizkuntza eta komunikazioa lantzea, herritik, herritarrekin eta herritarrentzat”, azaldu du Aitor Albistur bertso eskolako lehendakariak. Xede arranditsuetatik ihesi, eraginkortasuna izan baitu helburu eskolak sortu zutenetik. Hala, eskolako irakasle Arkaitz Oiartzabal Xamoak dioen moduan, “ gure asmoa ez da bertsolari txapeldunak ateratzea; ez gara bertsolari fabrika bat, bertsozaletasuna transmititzeko lantegia baizik”. Hizkuntza eta komunikazioa lantzea da eskolaren helburua, eta bertsoa da horretarako tresna.
Horretan ari da Bertso Eskola 1987an Jose Luis Zabala eta Jose Luis Maritxalarren ekimenez sortu zenetik. Ordutik, eskolak ibilbide gorabeheratsua izan du, une hobe eta okerragoekin. Argi-ilunez betetako bide horretan, haatik, beti eutsi diote bertsozaletasuna zabaltzeko lanari bertatik igarotako hainbat eta hainbatek: Zabala eta Maritxalar bera, edota Julian Albistur, urte luzez ezinbesteko kide izan dena.
Urteetan Lau Haizetara Euskara Elkartearen abaroak eta bertso eskolako aitzindarien lan eskergak emandakoaren bidetik jarraituko du aurrerantzean bertso eskolak. Iragana berme eta oinarri, orainari gogotsu heldu dio, geroa ilusioz hartzeko. Xamoak ez du ahanzten duela lau urteko egoera: lau ikasle besterik ez zuten. Aurrekoen antzera, etsi beharrean eutsi eta ekin egin zioten, ordea. Motibazio saioak hasi, eta ikasle bila hasi ziren herriko ikastetxe guztietan, bertsolaritza gaztetxoenei gerturatzeko eta hain geurea izanik askorentzat hain arrotz suertatzen zen jarduera ezagutarazteko. Emaitzak agerikoak dira: egun, Euskal Herriko bertso eskola handienetakoa da. Hartutako dimentsioak eraman ditu bide berriak zapaltzera. Jarduna eta etorkizuna, biak ere errima duten hitzak baitira.
Aitor Albistur Pulido, Xenpelar Bertso Eskolako lehendakaria