Gutuna: "Zaratarik gabeko bizimodua"
Pandemiaren konfinamendu garaian, besteak beste, CO2 isurketak eta aire kutsadurak behera egitearekin batera, kutsadura akustikoa, garbi esanda, zarata soportaezina nabarmen jaitsi egin da.
Olibeten bizi naiz. Etxe aurrean dugu tren geltokia, Pasaiako portura doan errail kirrikalari jasanezina, papeleraren hondo-zarata etengabea eta pare-parean autobia egun osoz kotxe-moto-kamioi-autobus zarataz betea. Horrela bada, konfinamenduaren lehen asteetan, txorien kantak entzun, isiltasuna dastatu, aire garbia arnastu, balkoian eguzkitan egon edo bazkaldu… holako plazer txiki-handiak gozatu ahal izan ditugu. Aspalditik lapurtua dugun atseden modu bat (zaratagabezia) berreskuratu dugu.
Konfinamenduaren fase berrian sartzearekin batera, itzultzen hasi dira ‘betiko zarata normalak’. Normalak? Normala al da autopista dohain ez jartzeagatik autobia bat gehiago irekitzea? Zergatik ez du Diputazioak zarata ekiditeko hesi bat jarri? Normala al da Papelerak edo Kaiak edo Adifek beraien jardueragatik egiten duten gastuen artean ez kontatzea guk ordaindu behar duguna? Haien negozio-kontuak lehiakorrak izan daitezen guk pagatu behar al dugu gure osasun auditiboa eta osasun psikologikoa? Egia da auzokideek zerbait mugitu bagara, eskaerak aurkeztu baditugu, ez garela tematu injustizia hau gainditzen. Baina normala al da udalaren ingurumen proiektuetan, zaratari dagokionez, urtetan eta urtetan egindako azterketa eta planak egotea eta fruitu praktiko batere ez ikustea?
Fase berrian ez dut aurreko normalitatearen kutsadura akustikora itzuli nahi. Eta hasteko, zarata maila arintzeko pausu txikiak eman daitezke berehala: Bat, autobiaren zarata ekiditeko hesi bat jarri. Bi, kaiara doan trenbidearen kirrinka jasanezina konpontzea. Hiru, lanegunetan gure etxaurrean, gehienetan 20 minututik gora, eta dezentetan 2 ordu eta erdi ere, lokomotorra geldi eta alferrik martxan duen gidariari kontuak eskatzea. Lau, egunean 32 tren (aldirikoak) eta merkantziak eta ibilbide luzeko trenak, pasatzen dira gure etxaurretik. Tren bakoitzak bozina ozenki jotzen du. Kasu batzuetan 2-3-4 aldiz. Ezin al zaie tren-gidariei agindu ez dezatela bozina-zarata atera? Egun hauetan, askotan, inor ez zegoen trenaren zain eta tren-gidariak jo ta ke bozinazoka.
Txikitik handira…. Zergatik ez du diputazioak dohain jartzen autopista? Zer pintatzen du hiriaren erdian horrenbeste ke, horrenbeste zarata sortzen eta horrenbeste kamioi erabiltzen duen Papelera batek? Horiek ere, noizbait eztabaidatu beharko dira.
Joseba Barriola, Errenteria-Orereta